Esprinter bat igotzaileen erresuman errege. Michael Matthewsek Menden lortutako garaipena laburtzeko modu soila litzateke hori. Egia delako Matthews esprinterra dela, baina baita mendate txikiak, 7-10 minutuko ahalegina eskatzen duten muinoak igotzen trebea dela ere. Halakoa da Mendeko aerodromorako igoera, tentea baino laburra, hiru kilometro eskas. Matthews ondo ibili zalea da Milan-San Remo klasikoan, eta horrek erakusten du mendate laburrak ondo pasatzen dituela. Bere garaipena, baina, ezustekotzat jo liteke, alboan zituen aurkariak oso onak direlako mendian gora: Kamna, Konrad, Pinot, Bettiol klasiko zalea, Marc Soler... Matthewsek berak egin du ihesean zihoan 23 laguneko multzoko lehen selekzioa, helmugatik 40 kilometrora. Kron, Luis Leon Sanchez eta Grosschartner batu zaizkio. Mende hasi eta berehala bakarrik egin du bidea, baina jazarpenean zetorren taldetik Bettiolek harrapatu eta pasatu egin du. Italiarrak 8-10 segundoko zuloa ere ireki du, baina kemena, ez belaunikatzeko sakrifizio gaitasun latza erakutsi du Matthewsek, eta Ormaiztegiko zakurrarena egin du Bettiolekin: harrapar y pasar. Gainerako 500 metro falta zirela atzean utzi eta garaipen handia lortu du australiarrak, merezita.
Oilarren artean Pogacar eta Vingegaard beste ziklista guztiak baino gehiago direla berretsi da Menden. Vingegaard taldekiderik gabe geratu da helmugatik hiru kilometro eta erdiren faltan, eta UAEk erritmoa bizitu du McNultyrekin eta Majkarekin. Pogacarren erasoa etorri da gero, baina Vingegaardek aise eutsi dio, aurpegian batere zimurrik erakutsi gabe. Nahi du, esloveniarrak, baina ezin du, eta egunek aurrera egin ahala gehiago kostatuko zaio, buruko indarrak ere danimarkarraren alde egiten duelako. Gaur-gaurkoz, paretsu daude biak, baina liderrak 2:22ko aldea dauka, eta errenta horrekin azken erlojupekoan jai du Pogik. Alda liteke eszenatokia Pirinioetan, jakina, baina atzo iragartzen zuten eguraldi kaskarra haizeak eraman du. Eguraldi freskoxeagoa iragartzen dute, baina eguzkitsua, eta itxuraz, Pogik eguraldi hezea eta freskoagoa beharko lituzke Vingegaard zigortzen saiatzeko. Nola edo hala ahaleginduko dela zalantzarik ez, bigarren postua ziurtatua daukalako.
Bihar 15. etapa korrituko da, hori ere Erdialdeko Mendigunean: Rodez-Carcassone, 202 kilometro. Hirugarren mailako mendate bi baino ez bidean, baina kategorizatu gabeko dozenaka aldapatxo. Esprinterrek lasterketa lotuta eraman nahiko dute, baina gauzak normal, etapa ehiztariek irabaziko dute dema.