Udako musika printzak egitasmoaren hirugarren eta azken hitzordua izan zen atzo. Hain zuzen ere, Irungo Iga gazteen abesbatzak kontzertua eman zuen parrokiako Bakardadearen kaperan, 19:30ean hasita. Kontzertuaren hasieran, abesbatzaren nondik norakoak azaldu zituen Eneko Amundarain zuzendariak: "Irungo hainbat gaztek osatutako abesbatza da Iga. Kideak gazteak dira, baina baita korua bera ere; konfinamenduaren bezperatan eratua, 2019ko azaroan".
Atzo arratsaldeko beroa tarteko, Soledadeko kaperako freskura eskertu egiten zen. Hala, Soledadeko kaperan kontzerturako jarritako ia eserleku guztiak bete ziren. Hiru zati izan zituen Iga abesbatzaren emanaldiak: lehen zatian, erlijio kantuak abestu zituzten; bigarrenean, gaztelaniazko hiru abesti -tartean, bat Amundarainek berak konposatutakoa-; eta hirugarren eta azken zatian, euskal kantak eskaini zituzten.
Atzoko saio horretarako, Udako musika printzak egitasmoak garbitokitik Soledadeko kaperara aldatu zuen agertokia. Uztailaren 8an hasi zuten kontzertu zikloa. Ordukoan, Ignacio Arakistainek, Garazi Navasek eta Maria Martinek eskaini zuten saioa, garbitokian.
Uztailaren 15ean izan zen musika zikloaren bigarren hitzordua, hori ere garbitokian. The Chickpeas jazz taldea igo zen agertokira; alegia, Ion Dorregarai, Pablo Lopez Barrios, Jon del Campo eta Maialen Tellabide musikariak.
Saioak entzuteko eta ikusteko aukera
Uztarria.eus-en eta Erlo Telebistan egitasmoaren hiru kontzertuak ikusteko eta entzuteko aukera izango da. Ignacio Arakistainek, Garazi Navasek eta Maria Martinek joan den uztailaren 8an Garbitokian eskaini zuten kontzertua izan zen musika zikloaren lehen printza, eta bideo honetan ikus daiteke, osorik.