Kostatuta lortzen direnek gehiago balio dute, Philipsen

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2022ko uzt. 17a, 20:34

Jasper Philipsen. (Le Tour)

Esprintean erabaki da 15. etapa, eta Alpecin taldekoak Van Aert eta Pedersen menderatu ditu. Erori egin da Vingegaard, itxuraz arin, baina Roglic eta Kruijswijk taldekideak erretiratu egin dira.

Kosttua zaio garaipena lortzea Alpecin taldeari, eta Jasper Philipseni. Hainbatetan atarian geratu ondoren bere kirol ibilbideko garaipen garrantzitsuena lortu du Belgikakoak, Carcasonako helmuga bihurrian. Ixa batekin markatua zuen taldeak etapa, egokia Philippsen baino esprinter azkarragoak atzeratzeko. Bukaera bihurria, bihurgunetsua, eta bigarren aste bukaeran, txirrindulari asko nekeari buelta eman ezinda daudenean. Ihesaldi bat sortu da, eta bertan odol garbiko hiru zaldi: Wout Van Aert, Mikkel Honore eta Nils Politt. Tartea ireki dute, eta tropelak ameto eman, baina ordubeteko bidea egin ondoren Van Aertek geratzea erabaki du bere kirol zuzendariaren aginduz, eta horrek akabatu egin du ihesaldia. Lanean jarraitu dutelako Honorek eta Polittek, baina tropelean lan handia egin dute Alpecin, Trek eta Bike Exchange taldeek. Aise harrapatu dituzte biak helmugatik 50 kilometrora. Jazarpen lan horretan notizi txar bi jaso ditu Jumbo-Vismak. Steven Kruijswijk erori egin da, eta itxuraz lepauztaia hautsi. Ezin izan du bizikleta gainean jarri, eta anbulantzian ebakuatu dute. Kilometro gutxi batzuk geroago Vingegaard liderra bera erori da, itxuraz larritasunik gabe.

Benjamin Thomas eta Alexis Gougeard saiatu dira Politt eta Honore harrapatu ondoren, eta bidea egin. Alpecinek, bitartean, eguneko azken mendatean erritmo itoa jarri du, eta Jakobsen, Ewan eta Groenewegen atzeratu. Groenewegen bueltatu da tropelera, taldekideek lagunduta. Haize-babes arriskuak talde indartsuak tropel burura pasatzea eragin du, eta Thomas helmugatik 500 metrora harrapatu du tropelak. Esprinta ondo prestatu du Alpecinek, eta Philipsenek Mads Pederseni utzi dio ekimena hartzen. Haren gurpila hartu eta ezkerraldetik aise gainditu du, bide batez Pedersenen eskuin aldetik zetorren piztia, Van Aert, ere gaindituta. Luze bilatutako garaipena izan da, eta hunkituta ospatu du belgikarrak.

Bihar bigarren atseden eguna izango du tropelak, Carcasonan bertan, eta hurrengo astean Pirinioetako triptikoa osatuko da. Lehen mailako sei mendate eta maila bereziko beste bi gain daude, 400 kilometro eskasetan. Eta beroa, neurrian, tenperaturak samurtu egingo baitira bihartik aurrera. Zer ikusi asko, Pogacar berrindartuta Jumbok izan dituen bi hutsuneekin, eta milaka euskaldun bide bazterrean txirrindulariak hauspotzeko gertu!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide