Urteetan parte hartu izan duten baserritarrak omenduko dituzte Euskadiko XXV. Blonda Txapelketan

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 18a, 10:48

2018ko Santio egunean egin zuten azkenekoz Euskal Herriko Blonda Txapelketa Azpeitian.

Santio egunarekin itzuliko da Azpeitira ganadu txapelketa. Bizkaiko eta Gipuzkoako sei ustiategitako 68 abelburu lehiatuko dira, tartean Azpeitiko bi etxaldetakoak: Agite eta Eizmendi baserrietakoak. 10:00etan hasiko da txapelketa Foru Ibilbidean, eta 13:30-14:00 aldera banatuko dituzte sariak.

Bi urteko etenaren ostean, Euskadiko Blonda Txapelketa antolatu du berriro Euskadiko Blonda Federazioak, eta Azpeitian berrekingo dio bideari ganadu txapelketa horrek. Bi urtez behin egiten dute Euskadiko txapelketa Azpeitian –herrian egiten ez den urteetan, Markinak hartzen du txapelketa–; 2018koa izan zen Azpeitiko azkena. Aurten, gainera, XXV. aldiarekin txapelketak urteurren berezia beteko duenez, "urte luze hauetan parte hartu izan duten baserritarrei omenaldi txiki bat" egingo diete antolatzaileek, "beraien lanari esker ona adierazteko". 10:00etan hasiko da txapelketa Foru Ibilbidean, 13:30 eta 14:00 aldera egingo dute sari banaketa, eta sari guztiak banatu ondoren egingo dute omenaldi ekitaldia.

Bizkaiko eta Gipuzkoako sei ustiategitako 85 abelburu egongo dira ikusgai Astotegian eta Zelai Luzen, eta horietatik 68 –animalia helduak– lehiatuko dira Santio eguneko txapelketan. Sei lehiakideetatik bi Azpeitikoak dira: Agite baserriko Antonio Olaizola eta Eizmendi baserriko Idoia Esnaola. Markinako (Bizkaia) Illaispe baserriko Ismael Arriola, Arriolako (Bizkaia) Makuleta baserriko Iturbe Anaiak, Aretxabaletako (Gipuzkoa) Torrena baserriko Haritz Kortabarria eta Orioko (Gipuzkoa) Longa baserriko Jose Angel Zendoia dira txapelketara ganadua aurkeztuko duten beste laurak.

Hamasei sari

Txapelketan parte hartuko duten animaliak hamabi sail desberdinetan banatuko dituzte adinaren, egoera fisiologikoaren eta sexuaren arabera, eta sail bakoitzeko sari bat banatuko dute. Horiez gain, txapelketako lau sari nagusiak izango dituzte jokoan: ukuilurik onenaren saria, bigarik onenarena, hazitik sortutako bigarik onenarena eta haragitarako bigarik onenarena.

Euskadiko Blonda Federazioak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Azpeitiko Udalarekin lankidetzan antolatu du Santio eguneko txapelketa.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide