Tabernariei sexu erasoen inguruko 'Nik xinisteñat' kanpainaren berri emateko bilera izango da gaur

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 18a, 11:00

Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Txokoak landu dute kanpaina, eta gaurko juntadizoan erasoen aurrean izan beharreko protokoloa azalduko diete tabernariei 17:00etan hasita udaletxeko areto nagusian egingo duten saioan.

Ate joka datoz Azpeitiko festak, eta jaietan egon daitezkeen sexu erasoen harira, Nik xinisteñat deituriko sentsibilizazio eta formazio kanpaina landu dute Azpeitiko Udalak nahiz Emakumeen Txokoak. Udalak nabarmendu du herritar orok duela eskubidea festak "modu askean eta osasuntsuan ospatzeko", eta gaineratu du "guztion ardura" dela eraso sexistekin amaitzea.

Horren harira, gaur, astelehena, bereziki tabernariei zuzenduriko bilera deitu du udalak, 17:00etarako, eta juntadizo horretan, erasoen aurrean izan beharreko protokoloa azalduko diete horiei. Era berean, Nik xinisteñat kanpainari lotutako hainbat euskarri ere banatuko dituzte tabernarien artean.

Jarduera protokoloaren edo hitzaldiaren inguruko zalantzaren bat izanez gero, Azpeitiko Udaleko Parekidetasun Sailaren telefonora (943-15 79 28) deitu daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide