Asteak pasa ditu Haujijijai batzordeak Santio eta San Inazio festak antolatzeko bilerak egiten, eta, dagoeneko, prestatu duen egitarau osoa aurreratu du gaur, astelehena. Batzordeko Ibai Berrezibarrek adierazi duenez, "aurreko urteetako ekintzak mantentzen saiatu gara, baina, hala ere, baditugu berrikuntzak. Hala nola, bost urteren ondoren, bakailao txapelketa izango dugu berriro". Bakailao txapelketarako izen-ematea zabalik da, eta Korrale, Jim Clark, Sanagustin eta Haginpe tabernetan nahiz 943-15 70 68 (Kultura Saila) telefonora deituta egin daiteke.
Haujijijai batzordeak antolatzen duen San Inazio bezperako herri bazkarirako sarrerak uztailaren 27an eta 28an erosi ahal izango dira plazan. Hain zuzen ere, 17:00etatik 20:00etara jarriko dute txartelak saltzeko mahaia, eta bazkarirako txartelak hamar eurotan erosi ahal izango dira. Kamiseta ere jarriko dute saltzen, bost eurotan.
Bestalde, eraso sexisten aurkako protokoloa jarriko dute abian festetan, eta haren xehetasunak emateko, aurkezpena egingo dute uztailaren 26an, asteartea, 19:00etan Azoka Plazako aretoan. "Udan herrietako festekin batera, eraso matxistak jasateko testuinguru aproposa sortzen da. Azken asteetan ikusi ahal izan dugu. Festa giroan pairatzen diren erasoak borrokatzeko neurriak hartuko ditugu, eta Itaiak garatutako eraso matxisten aurkako protokoloa martxan jarriko dugu txosnagunean", aurreratu du Jokine Jimenezek.
"Azken bi urteetan ez dugu festarik izan, eta iaz esan genuen bezala, festa herrikoiak aurrera ateratzeko borondatea bagenuen. Prestatu dugun egitarauarekin borondate hura berretsi dugu. Hala, herritar oro animatu nahi dugu ekintzetan parte hartzera. Bi urteren ondoren, bueltan garelako Berriz lehertzeko prest", amaitu du Berezibarrek.
Hona hemen Haujijijaik osatu duen egitarau osoa:
-Uztailak 24, igandea: Ume Eguna
14:00. Bazkaria.
Ondoren, jolasak.
-Uztailak 25, astelehena: Baserritarren Eguna
13:00.Kantujira kantu poteoa Alde Zaharrean.
-Uztailak 30, larunbata
11:00. Hamaiketakoa plazan.
12:00. Marea Arroxa.
Ondoren, Skapaie elektrotxaranga.
15:00. Herri bazkaria.
17:00. Txosnagunearen irekiera eta jolasak.
19:00. Kalejira Skapaie elektrotxarangarekin.
22:00. Ruse Ska taldearen kontzertua.
23:30. Bada Giro! taldearen kontzertua.
-Uztailak 31, igandea: Txomingeroen eguna
13:00. Txomingeroen poteoa plazatik.
15:00. Txomingeroen bazkaria.
Ondoren, kalejira.
22:00. Ithaka.
01:00. Ezpalak taldearen emanaldia.
02:30. Ukabil taldearen kontzertua.
-Abuztuak 1, astelehena
12:00. Bakailao txapelketa.
Ondoren, bakailao jana.
22:00. J Martina taldearen kontzertua.
01:00. Ziakhus eta Durum Solo Karneren emanaldia.
02:30. Maixa eta Malakias.
-Abuztuak 2, asteartea
07:00. Gaupaseroen argazkia.
Ondoren, zumba.