Udako festen eta oporraldiaren bezperetan iragarri du Kulturaz kooperatibak irailetik azaro bukaera bitartean herrian izango den kultur eskaintzaren aurrerapena. Musika asko, magia, umorea eta haurrentzako ikuskizun bat. Horiek entzuteko, ikusteko eta gozatzeko parada izango da udaostean Sanagustin kulturgunean, Soreasu antzokian zein herriko kaleetan.
Musikari dagokionez, Sanagustineko udazkeneko kontzertu eskaintzaren aurrerapenean sei hitzordu eta hamahiru talde ageri dira, tartean Joseba Irazoki eta Lagunak, Lukiek, Viva Belgrado, Kaos Etiliko, Tremenda Jauria eta Lin Ton Taun. Horiez gain, Arkupehotsak egitasmo berrituak ere irailean ekingo dio bideari kulturgunean.
Udazkeneko hitzordu klasiko bihurtu diren bi egunek ere badute data: urriaren 1ean egingo da Txisteratik magia jaialdia, eta urriaren 28an Trikigiro. Haurrei zuzendutako eskaintzari dagokionez, Irrien Lagunakek Elkartasun jantokia ikuskizuna eskainiko du Soreasun urriaren 16an. Soreasun bertan, urriaren 22an, Dani Mateok bakarrizketa saioa eskainiko du.
Hauek dira Kulturazek udazkenerako iragarri dituen kontzertuak (Sanagustinen izango dira denak, 22:00etan hasita):
- Irailaren 10a. Viva Belgrado + Bananas.
- Irailaren 16a. Joseba Irazoki eta Lagunak + Erabatera.
- Irailaren 17a. Lukiek + Monte del Oso.
- Irailaren 23a. Kaos Etiliko + Leherkaitz.
- Urriaren 29a. Tremenda Jauria + Merina Gris + Romea.
- Azaroaren 12a. Lin Ton Taun + Rodeo.
Sarrera gehienak eskuragarri
Aipaturako kontzertu eta ekitaldi gehienetarako sarrerak dagoeneko salgai jarri dituzte Kulturazen webgunean.
Iragarritako horiek datorren udazkeneko eskaintzaren aurrerapena direla zehaztu du Kulturazek, "datak gerturatu ahala, kultur ekitaldi gehiagoren berri" emango duela gaineratuta.