Pogacar belaunikatzen hasia da

Andoni Urbistondo (Aiurri.eus) 2022ko uzt. 19a, 18:30

Hugo Houle, Foixeko helmugara iristen. (Le Tour)

Ihesaldi handi batean erabaki da Pirinioetako lehena, eta Hugo Houle kanadarrak irabazi du etapa; Pogacarrek gorantz eta beherantz erasotu dio Vingegaardi, baina ezin du, eta etsitzen hasia da.

Zer kontatu ugari eman du Pirinioetako lehen etapak, eta ondorio garrantzitsuenak zerrendatzea, onena. Denetan garrantzitsuena, Parisko maillot horia Danimarka aldera abiatu dela, hegazkin txartelak hartzekotan da Vingegaard. Pogacarrek erasoak agindu zituen bart, atseden egunean, eta jo ditu. Bi Lers mendatean gora, beste pare bat jaitsieran. Jo duen lehenengoak ezustean harrapatu du liderra, baina erraztasun handiarekin itxi du Pogacarrek irekitako dozena metroko zuloa. Bigarren erasoa ere erraz itxi du, eta maldan behera Pogacar liderra urduritzen saiatu da. Alferrik, baina. Ezin du, eta Tourra bukatzen ari da. Pogacar etsitzen hasia dela ere esan genezake, Mur de Peguereko malda tenteetan saiatu ere ez delako egin. Jumboko Sepp Kussek erritmo itoa jarri du hiru kilometroko horma tentean, eta Pogi mugitu ere ez da egin. Gauza asko gerta litezke txirrindularitzan, baina gaur-gaurkoz ezinezkoa dirudi Pogacarrek Vingegaardi gaina hartzea.

Etaparen inguruan, aldiz, ezusteko handiak. Garailearekin hasita, Hugo Houle kanadarrak etapa irabaztea ezustekoa izan baita. Batez ere, osatu den 29 laguneko ihesaldian izen handiko aurkariak zeudelako: Woods taldekidea, Storer, Madouas, Vlasov, Caruso, Van Aert... Vlasov nagusian 10 minutura zegoen, 10. postuan, baina Jumbok bidea egiten utzi dio ihesaldiari, eta zortzi minutuko aldea lortu dute. Ihesaldian eraso asko Lersen, baina bi mendateen artean Hugo Houlek egindakoa izan da erabakigarria, minutu erdiko zuloa ireki eta ondo eutsi diolako helmugara arte. Bai gorantz, baita beherantz ere. Rusty Woods taldekidea zaintzan eduki izana ere erabakigarria izan da Houlek arrakasta izan zezan.

Aparteko kapitulua merezi du Movistar taldearen taktikak. Gorka Izagirre eta Matteo Jorgenson sartu ditu ihesaldian, eta Jorgenson estatubatuarra Burgaudeau eta Gougeardekin ere joan da, minutuko zuloa irekitzeko. Autotik, baina, geratzeko esan diote, bi lagunekin joanda arrakasta ezinezkoa zela pentsatuz, nonbait. Lersen gora mugitu egin da Movistar, eraso taldea izan da Mas liderra lagundu duten bi taldekiderekin. Mas bakarrik joan da, eta minutu bat lortu du, Jumboren baimenarekin. Bere zoritxarrerako, ordea, Pogacarrek jo du, eta horrek oilarren taldea txikitu du, Masen ahalegina zapuztuz. Nobleen multzoan Bardetek sufritu du gehien, Lersen. Mur de Peguere hasieran Movistar taldeak jarri du erritmoa, baina zergatik ezin jakin, mendate horretako zati gogorrenean modu naturalean hautsi delako onenen multzoa. Mas atzean geratu da azkar. Helmugan maillot horiarekiko hiru minutu utzi ditu Masek, eta Top 10a bera zail du orain. Vlasov, aldiz, ihesaldian sartu da, eta bere sasoi puntu onenetik urrun dagoela agerikoa izanda ere, zortzigarren da nagusian, Top 5ean sartzeko aukera dezenterekin.

Bihar Pirinioetako bigarrena jokatuko da, Saint-Gaudensen hasi eta Peyragudesen bukatu. 130 kilometro baino ez, eta lehen 50ak lauak. Ondoren, lehen mailako hiru mendate eta bigarren mailako beste bat jarraian, atsedenik gabe: Aspin, Hourquette d'Ancizan, Val Louron-Azet eta Peyragudes. Azken biak dira gogorrenak, %7ko pendiza, 9 kilometroko aldapa. Maillot horiaren lehiak itxia dirudi, baina beste guztia argitzear dago.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide