106 parte hartzailerekin egingo dute zapatuan auto klasikoen XIX. Azpeitia Hiria Rallya

Julene Frantzesena 2022ko uzt. 20a, 14:18

Auto klasiko bat Azpeitiko rally batean. (Mikel Santos)

Ohiturari jarraituz, Maykel del Cid zenaren omenez egingo dute rallya Gipuzkoako errepideetan barrena. 09:00etan hasita egingo dituzte autoen egiaztapenak epaitegiaren ondoko plazan, eta 11:00etan aterako dira handik rallyko lehen parte hartzaileak.

Auto zaleek hitzordu berezia izango dute zapatuan. Izan ere, Azpeitia Hiria Rallyaren XIX. edizioa egingo dute, eta 106 gidarik eta kopilotuk parte hartuko dute. Ohiturari jarraituz, Maykel del Cid zenaren omenez egingo dute rallya Gipuzkoako errepideetan barrena. 09:00etan hasita egingo dituzte autoen egiaztapenak epaitegiaren ondoko plazan, eta 11:00etan aterako dira handik rallyko lehen parte hartzaileak.

Horiek 230 kilometroko ibilbidea gauzatu beharko dute 25 urtetik gorako autoetan. Ibilbideko lehen zatia Azkaraten egingo dute, eta handik Bergarara joango dira, Elosuako zatia egin ahal izateko. Urrakira joango dira handik, eta segidan, Ñañarriko zatiari ekin aurretik, atsedena hartu ahal izango dute gidariek nahiz kopilotuek Alegian. Gabirian bazkalduko dute parte hartzaileek, eta arratsaldean ekingo diote berriro ibilbideari: besteak beste, Altzon, Gaintzan, Pagoetan, Zarautz, Aizarna eta Azpeitian barrena ibiliko dira autoak.

Lehen parte hartzaileak epaitegi ondoko plazara 19:23 aldean iritsiko direla aurreikusten du proba antolatu duen Lagun Artea eskuderiak. Sari banaketa ekitaldia, berriz, 20:30 inguruan egingo dute plaza horretan bertan. Rallyak ez du trafikoan eraginik izango; izan ere, errepideak trafikoarentzat irekita direla gauzatuko dute. Dena den, probaren antolatzaileek ahal duten neurrian parte hartzaileei pasatzen uzteko eskatu diete errepidean izango diren gidariei.

Rallyan parte hartuko duten auto guztiak izango dira klasikoak, baina horietan zaharrenak Xabier Arzamendiren Volvo 142S (1968) autoa, Xabier Goenagaren Renault 8 (1969) autoa, Joxean Aranetaren Porsche 911T (1970) autoa eta Jagoba Agirreren Renault Alpine A110 (1970) autoa izango dira. Parte hartzaile gehienak Gipuzkoakoak izango direla ere aurreratu du Lagun Arteak, nahiz eta gidari eta kopilotu batzuk Arabatik nahiz Bizkaitik ez ezik, Asturiastik, Valentziatik, Cadiztik, Kantabriatik etorriko diren Azpeitira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide