Alazne Lizundiak Azkoitia-Azpeitia ISB taldean jokatuko du datorren denboraldian

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 20a, 17:05

Alazne Lizundia, baloia eskuetan duela. (Artxiboa)

Saskibaloi jokalari azpeitiarrak bere laugarren denboraldia egingo du ISBren emakumeen lehen taldean. 2018-19 denboraldian batu zen lehen taldera, eta harrezkero, Azkoitia-Azpeitia ISB taldeko jokalari finkoetako bat da Lizundia.

Iraurgi Saskibaloiak gaur jakinarazi du Alazne Lizundia azpeitiarrak Azkoitia-Azpeitia ISB taldean jarraituko duela beste denboraldi batez. Hegaleko saskibaloi jokalariak bosgarren denboraldiari ekingo dio datorren sasoian Joseba Lizarralde entrenatzaile azpeitiarraren aginduetara; izan ere, 2018-19 denboraldian batu zen Lizundia ISBren emakumeen lehen taldera.

ISBk honako mezu honekin jakinarazi du kontratu luzapena: "Txiki-txikitatik, betidanik gurea. Urtez urte taldeari gehiago ematen dio. Aurten, bai ala bai, bere urtea izango da. Alazne Lizundia, nola ez, otsoa da".

ISBk gizonen zein emakumeen taldea osatzen jarraitzen du, eta azken astean hainbat kontratu berritze jakinarazi ditu taldeak. Juaristi ISBn jarraituko dute Ibon Guridi taldeko kapitainak, Manex Ansorregi hegalekoak, Beñat Hevia antolatzaileak eta Kevin Buckingham hegaleko pibotak. Azkoitia-Azpeitia ISB taldean jarraituko dute, bestalde, Intza Lizarazu taldeko kapitainak, Juana Molina antolatzaileak eta Sara Iparragirre eskoltak. Juaristi ISBk Urrezko LEB Ligan jokatuko du 2022-2023 denboraldian, eta Azkoitia-Azpeitia ISBk, berriz, Emakumeen Challenge Ligan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide