Bihar, Santio bezperan, ospatuko da aurtengo Umeen Eguna, eta erraldoiak eta herriko haurrak izango dira beste behin eguneko protagonistak. Izan ere, ohiko osagaiekin itzuliko da bereziki umeei eskainitako festa eguna, baina baita aldaketa aipagarri batekin ere. Horrela, erraldoiek plazan izango dute lehen hitzordua, urteroko dantza lehiaketan parte hartzeko; eta dantza saioa eta ondorengo sari banaketa egin ondoren ekingo diote kalez kaleko desfileari Alde Zaharrean. Urteetan, alderantzizko ordenean egin izan da erraldoien festa. 2019an, ordea, euria tarteko, ohiko segida aldatuta egin zuten, aurrena lehiaketa eta gero desfilea eginez, eta behin-behineko aldaketa hura gelditzeko etorri da. Horrela, 12:00etan hasiko da dantza ikuskizuna plazan, eta 13:00 aldera, berriz, erraldoien kalejira.
Guztira, Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko 20 erraldoi konpartsa elkartuko dira bihar Azpeitian, beste horrenbeste dultzaina zein trikitilari taldek lagunduta. Hau da 2022ko Umeen Egunean Azpeitian izango diren erraldoi konpartsen eta musika taldeen zerrenda: Bergarako erraldoiak (Eltziego dultzainak), Azkoitiko erraldoiak (Arrasateko dultzainak), Zarauzko erraldoi eta buruhandien elkartea (Guardiako dultzainak), Elgoibarko erraldoiak (Gasteizko dultzainak), Txantreako konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Urduñako Bihotza konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Arrotxapeako konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Iruñeko Alde Zaharreko konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Irungo Ondare kultur elkartea (Iruñeko dultzainak), Zizurkilgo erraldoi konpartsa eta trikitilariak, Añorgako erraldoiak (Zizurkilgo trikitilariak), Hernaniko Ostargi konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Buztintxuriko konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Barañaingo Ezpelur konpartsa txikiko erraldoiak eta dultzainak, Tafallako Asier Marko konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Mendillorriko erraldoien eta kilikien konpartsa eta dultzainak, Arrotxapeako Iturri Plazako erraldoi txikiak eta dultzainak, Zizur Nagusiko konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Hondarribiko Izugarria konpartsako erraldoiak eta trikitilariak, eta Azpeitiko erraldoiak (Iruñeko dultzainak).
Korporazioa, bazkaria eta jolasak
Eguerdian erraldoiek kaleak hartu aurretik, Itsasikoek antolatutako Korporazio txikia ibiliko da kale horietako batzuetan, Juan Antxieta musika eskolako txistulariek eta Banda Gazteak lagunduta.
14:00etatik aurrera, berriz, Haujijijai festa batzordeak antolatutako Umeen eta Gaztetxoen Egun Arroxaren egitaraua hasiko da. Ordu horretan elkartuko dira aurrez izena emanda dauden umeak eta gaztetxoak: HH4ko eta HH5eko haurrak Frontoi Txikian; LH1, 2 eta 3 mailetako gaztetxoak Done Jakue kaleko parkean; eta LH4, 5 eta 6 mailetakoak Iturritxiki ludotekaren aurrean. Bazkaria egingo dute plazan, eta ondoren, jolasean emango dute arratsaldean, 16:00etatik aurrera, kalejira eta guzti.
16:00etan hasiko da, era berean, eguneko kirol hitzordua Perez Arregi plazan: txirrindularien Inazio Deuna 42. Saria. Eta 18:00etan, Umeen Eguneko festa egitaraua borobiltzeko, Animali Koloretsuak kale animazioa ibiliko da Alde Zaharrean.
Umeen Eguneko egitaraua
Hau da biharko egitarau osoa:
11:00. Goiz eresia eta Itsasi dantza taldearen korporazio txikia, Juan Antxieta musika eskolako txistularien eta Banda Gaztearen eskutik.
12:00. Erraldoien dantza saioa eta sari banaketa, plazan.
13:00. Erraldoien desfilea, kalez kale.
14:00. Umeen bazkaria, plazan.
16:00. Umeen jolasak eta kalejira, Alde Zaharrean.
16:00. Inazio Deuna Txirrindularitza Saria, Perez Arregi plazan hasita.
18:00. Animali Koloretsuak kale animazioa, Alde Zaharrean.