Baserritarren Eguna eta askoz gehiago dakartza Santio egunak

Mailo Oiarzabal 2022ko uzt. 24a, 19:11

2019ko Sagardo Txapelketa.

Sagardo eta ganadu txapelketa, gazta lehiaketa, gaztetxoen pilota finalak, Nafarroaren banderari gorazarrea, kantujira, errekortari txapelketa eta Kalakan taldearen kontzertua dira biharko jai egitarau zabal eta trinkoaren hitzorduetako batzuk.

Festa egun handia izango da berriro aurten uztailaren 25a, Santio eguna, Azpeitian. Goizetik iluntzeraino, atsedenerako tarte gutxi izango da; izan ere, ekintza gehienak goiz eta eguerdi partean ospatuko den Baserritarren Egunaren barruko egitarauan pilatuko diren arren, arratsaldean eta iluntzean ere ekintza aukerarik ez dute faltako festarako gogoz direnek.

Eguneko hitzordurik goiztiarrena, ohiturari eutsiz, Ilunpe pilota elkarteko gaztetxoen finalena izango da. 10:00etan hasiko dira Izarraitz pilotalekuan Cesar Valverderen omenezko XXXVII. Txapelketaren finalak, eta 14:00 aldera banatuko dituzte sari guztiak. Zortzi final ikusteko aukera izango da, honako hauek:

  • Benjaminaurrekoak, banaka: Hegoi Alkorta vs Amets Olaizola.
  • Benjaminaurrekoak, binaka: Auritz Esnaola-Jone Mendizabal vs Luka Aizarna-Ekaitz Manzisidor.
  • Benjaminak, binaka: Ibai Larrañaga-Janitz Goenaga vs Galder Landa-Xuban Arandia.
  • Benjaminak, banaka: Xanet Irure vs Adei Lizarralde.
  • Alebinak, banaka: Aiur Labaka vs Urritz Goenaga.
  • Alebinak, banaka: Aiurdi Peñagarikano vs Unai Beristain.
  • Infantilak, binaka (A): Hodei Olaizola-Ibai Galartza vs Julen Larramendi-Ibai Elustondo.
  • Infantilak, binaka (B): Iker Urrestilla-Ugaitz Aranguren vs Iker Ansola-Ioritz Arsuaga.

Urolako Napar Zuzterrak taldeak antolatutako Nafarroako banderaren gorazarre ekitaldia 10:30ean hasiko da Perez Arregi plazan, Erdikaletik kalejiran joango dira handik plazara, eta han egingo dute azken ekitaldia, bertsoekin, kantuekin eta dantzekin. 11:00etan hasita, berriz, Baserritarren Eguneko hitzorduak hasiko dira: Euskadiko XXV. Blonda Txapelketa, XXII. Gazta Lehiaketa – Idiazabal jatorri izeneko gaztak egiten dituzten 28 ekoizlerekin– eta XLII. Sagardo Txapelketa; azken horrekin batera, txekor eta hegaluze pintxoak salduko dituzte plazan.

Eguerdi partean, Hazparneko lagunekin batera, kalejiran hasiko dira Azpeitiko Kantu Jira taldekoak. Saio berezia izango da, Hazparnetik jende multzo handia etorriko delako Kantu Jirakoekin batera eguna igarotzera; elkarrekin abesteaz gain, batera bazkalduko dute. 12:45ean elkartuko dira Baigera aurrean, eta handik abiatuko dira kaleetan zehar kantu kantari. Gaztetxeko jendeak ere parte hartuko du ekintzan, eta herritar oro animatu dute haiekin batera abestera.

Arratsaldean, besteak beste, Errekortarien Txapelketa Nagusia jokatuko dute zezen plazan, eta zirku ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da Balentina Agirre plazan. Eta Santio eguneko egitaraua ixteko, Kalakan taldeak kontzertua emango du Perez Arregi plazan.

Egitaraua

Hona hemen, Santio egunean Azpeitian izango diren ekitaldiak:

10:00-14:00. Cesar Valverde pilota txapelketaren finalak, Izarraitz pilotalekuan.

10:30. Goiz eresia, Udal Musika Bandaren eta Izarraitz txistulari taldekoen eskutik. Ordu berean, Nafarroako banderari omenaldia plazan, Urolakoen Nafar Zuzterraken eskutik.

11:00. Euskadiko XXV. Blonda Txapelketa.

11:00. XXII. Gazta Lehiaketa.

12:00. Sagardo Txapelketa plazan. Aldi berean, Aitor Mendiluze, Oihana Iguaran eta Andrea Bidart bertsolarien eta Laja II.a, Lutxurdio, Iñaki Ezenarro eta Egurrola trikitilarien saioa.

13:00. Kantujira, Hazparneko kideek lagunduta, Sanagustin kulturgunearen ataritik abiatuta.

18:00. Errekortarien Txapelketa, zezen plazan.

18:30-22:00. Jainekin txaranga, Landetatik abiatuta.

19:00. Zirkoteke ikuskizuna, Balentina Agirre plazan.

20:00. Kalakan taldearen kontzertua, Perez Arregi plazan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide