Santioetako egitarauaren barruan, aniztasunaren festa egingo dute bihar, lehen aldiz, udalak antolatuta. Erakundeak azaldu duenez, sexu, arraza, hizkuntza, kultura zein jatorri desberdinetako herritarrek osatzen dute Azpeitia, eta horri duen balioa emateko asmoz antolatu dute jaia. Hala, munduko hainbat txokotatik etorritako azpeitiarrak eta haien ohiturak gehiago ezagutzeko aukera izango da bihar. Honako herrialde hauetako jatorria duten herritarrek parte hartuko dute festan: Nikaragua, Sahara, Ekuador, Paraguay, Guatemala, Maroko, Pakistan, Venezuela, Nigeria, Mali, Peru, Bolivia, El Salvador eta Ruanda.
11:00etatik 14:00etara bitartean, hainbat postu izango dira plazan. Postu horietan aurrez aipatutako herrialdeetan nahiz horien kulturetan esanguratsuak diren askotariko elementuak edukiko dituzte; besteak beste, janaria, eskulanak eta abar. Postuak bisitatzeko aukeraz gain, hiru tailer ere eskainiko dituzte haurrentzat: marrazki afrikarren eta letra arabiarren ingurukoa eta henna nahiz trentzak egiteko tailerrak. Era berean, 11:15etatik aurrera, Ekuadorko, Nigeriako, Maliko eta Nikaraguako dantzen ikuskizuna izango da ikusgai.
Festaren bidez, azpeitiarren aniztasuna plazaratu eta kulturartekotasuna landu nahi ditu udalak: "Festen barruan, elkar ezagutza eta kultur, hizkuntza zein jatorri aniztasunaren baitako lanketa palazaratu nahi izan dugu. Aniztasuna plazara ekarri eta elkar ezagutzeko aukera izan nahi dugu", adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Hala, herritar oro gonbidatu du biharko festara: "Familian edo familia giroan festei hasiera emateko aukera paregabea izango da, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditut", esan du.