Anai-arrebak dira Amets eta Alaia Amubieta, eta orain baita dantza solteko bikotekideak ere. Urte luzez dantzan aritutakoak dira biak. Ametsek ibilbide oparoa du, eta sari ugari eskuratutakoa da. Azken urteetan Larraitz Larrañaga izan zuen dantzako bikotekide. Alaiak, bere aldetik, duela hamaika urte inguru utzi zuen zaletasuna. Orain, dantzak elkartu ditu berriro, eta txapelketetan parte hartzen hasi dira jada. Igandean Gipuzkoako Dantza Solte Txapelketa jokatuko dute, eta urrian izango den Euskal Herriko sariketara iristea dute helburu.