Bi urteko etenaren ostean, badatoz herriko festak, eta horrekin batera, Uztarria Komunikazio Taldearen tonbola. Bihar, uztailak 23, zabalduko ditu Uztarriak tonbolaren ateak, eta jaiek irauten duten bitartean irekita izango da. Azken urteetako legez, Erdikaleko bigarren zenbakian jarriko du tonbola Uztarriak, azken edizioetan bezalaxe.
Uztarria tonbola posible egin duten guztiei eskerrak eman beharrean da aurten ere. Bertan merkatarien elkarteak, eta herriko hainbat saltokik, tabernek, jatetxek, ile-apaindegik, harategik, gozotegik eta abarrek babestu dute egitasmoa, baita herriko taldeek eta eragileek ere. Uztarriak duela hamalau urte jarri zuen martxan tonbola, diru-sarrera propioak lortzeko behar-beharrezkoa delako.
Sei egunez zabalik
Aurten sei egunez izango da irekita Uztarriaren festetako tonbola, santioetan eta saninazioetan: uztailaren 23an, 24an, 25ean, 30ean eta 31n eta abuztuaren 1ean.
Honako hau izango dira egunez egun tonbolak izango duen ordutegia:
- Bihar, uztailak 23: 17:00etatik 22:00 aldera.
- Etzi, Umeen Eguna: 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 00:00 aldera.
- Etzidamu, Santio eguna: 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 21:00 aldera.
- Uztailak 30, San Inazio bezpera: 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 00:30era.
- Uztailak 31, San Inazio eguna: 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 00:30era.
- Abuztuak 1, San Inazio bigarrena: 12:00etatik 15:00etara eta 17:00etatik 00:30era.
Inoiz baino sari gehiago
Urtero bezala, euro baten truke tonbolako bi txartel erosi ahal izango dira, eta aurten ere, oparien zerrenda luzea izango da. Saridun txartelez gain, zozketarako zenbakidun ugari izango dira. Azken zozketa abuztuaren 1ean egingo du Uztarriak tonbolan bertan; orduan jakinaraziko ditu zein diren aurtengo zenbaki sarituak.
Honako hauek dira aurtengo tonbola babestu duten saltokiak: