Aniztasunak hartu du gaurkoan Azpeitia. Hain zuzen ere, mundu osoko hamalau herrialdetako jatorria duten herritarrak elkartu dira plazan, eta beren kulturako bereizgarriak erakutsi dituzte. Besteak beste, beren herrialdeetan ohikoak diren jakiak prestatu dituzte, eta hainbat herritar animatu da horiek dastatzera. Gainera, beren sorterrian tradizionalak diren arropak jantzi dituzte askok soinean, eta kolorez bete da herriko plaza. Zehazki, honako herrialde hauetako herritarrak elkartu dira: Nikaragua, Sahara, Ekuador, Paraguay, Guatemala, Maroko, Pakistan, Venezuela, Nigeria, Mali, Peru, Bolivia, El Salvador eta Ruanda.
Lehen aldiz antolatu du Azpeitiko Udalak aniztasunaren festa, santioetako egitarauaren barruan. Erakundeak azaldu duenez, sexu, arraza, hizkuntza, kultura zein jatorri desberdinetako herritarrek osatzen dute Azpeitia, eta horri duen balioa emateko asmoz egin dute jaia.
11:00etatik 14:00etara bitartean, festan parte hartu duten hamalau herrialdetako postuak izan dira plazan. Horrez gain, hiru tailer ere eskaini dituzte haurrentzat: marrazki afrikarren eta letra arabiarren ingurukoa eta henna nahiz trentzak egiteko tailerrak. Era berean, Ekuadorko, Nigeriako, Maliko eta Nikaraguako dantzen ikuskizuna ere eskaini dute kioskoan.
Festaren bidez, azpeitiarren aniztasuna plazaratu eta kulturartekotasuna landu nahi izan ditu udalak: "Festen barruan, elkar ezagutza eta kultur, hizkuntza zein jatorri aniztasunaren baitako lanketa palazaratu nahi izan dugu. Aniztasuna plazara ekarri eta elkar ezagutzeko aukera izan nahi dugu", adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak.