Erraldoien kalejira eta dantzak, bideoan

Urtzi Oteiza 2022ko uzt. 24a, 18:33

Umeen Egunean ohikoa den moduan, erraldoien ikuskizuna izan da gaurkoan herrian. Erraldoiek plazan egin dute lehen geldialdia urteroko dantza lehiaketan parte hartzeko, eta horren ostean ekin diote kalez kaleko desfileari.

Bi urteko etenaren ostean, hainbeste itxarondako erraldoien ikuskizuna egin dute Santio bezperan. Aldaketa aipagarri bat izan da gaurko  hitzorduan. Hain zuzen ere, erraldoiek plazan egin dute lehen geldialdia, urteroko dantza lehiaketan parte hartzeko; eta dantza saioa eta ondorengo sari banaketa egin ondoren ekin diote kalez kaleko desfileari Alde Zaharrean. Hala, 12:00etan hasi da dantza ikuskizuna plazan, eta 13:00 aldera, berriz, erraldoien kalejira. Taldeka, Txantreako erraldoiek irabazi dute dantza txapelketa –600 euroko saria jaso dute–, eta banaka, berriz, Bustintxuri (Iruñea) nagusitu da –300 euroko saria jaso du–.

Guztira, Nafarroako, Gipuzkoako eta Bizkaiko hogei erraldoi konpartsa elkartu dira Azpeitian, beste horrenbeste dultzain zein trikitilari taldek lagunduta. Hau da gaur batu diren erraldoi konpartsen eta musika taldeen zerrenda: Bergarako erraldoiak (Eltziego dultzainak), Azkoitiko erraldoiak (Arrasateko dultzainak), Zarauzko erraldoi eta buruhandien elkartea (Guardiako dultzainak), Elgoibarko erraldoiak (Gasteizko dultzainak), Txantreako konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Urduñako Bihotza konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Arrotxapeako konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Iruñeko Alde Zaharreko konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Irungo Ondare kultur elkartea (Iruñeko dultzainak), Zizurkilgo erraldoi konpartsa eta trikitilariak, Añorgako erraldoiak (Zizurkilgo trikitilariak), Hernaniko Ostargi konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Buztintxuriko konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Barañaingo Ezpelur konpartsa txikiko erraldoiak eta dultzainak, Tafallako Asier Marko konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Mendillorriko erraldoien eta kilikien konpartsa eta dultzainak, Arrotxapeako Iturri Plazako erraldoi txikiak eta dultzainak, Zizur Nagusiko konpartsako erraldoiak eta dultzainak, Hondarribiko Izugarria konpartsako erraldoiak eta trikitilariak, eta Azpeitiko erraldoiak (Iruñeko dultzainak).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide