Hiru urteko etenaren ondoren, Errekortari Txapelketa Nagusiko saioa jokatu dute Azpeitian, Santio egunez, eta bete egin da zezen plaza. 18:00etan hasi da Zezen Beltz elkarteak eta Toropasion enpresak Azpeitiko Udalaren laguntzarekin antolatutako ikuskizuna. Punta-puntako hamabi errekortarik parte hartu dute lehian, eta azken saioetan bezala, gaurkoan ere Eusebio Sacristan Use nagusitu da; bosgarren txapela eskuratu du hark Azpeitian.
Honako hauek izan dira saioan parte hartu duten gainontzeko errekortariak: Paquito Murillo, Javier Pradanas, Jonatan Estebanez Peta, Aaron Grande, Pablo Martin Guindi, Arturo Tapia, Ivan Gonzalez, Mikel Vallejo, Gorka Santamaria, Pedro Caballo Piter eta Juancar De la Puebla.
Irabazleari txapela emateaz gain, beste hainbat sari banatu dituzte gaurko saioaren amaieran. Ivan Gonzalez sailkatu da bigarren, Jonatan Estebanez hirugarren, Juan Carlos Garcia laugarren eta Aaron Grande bosgarren. Errekorterik onenaren saria, bestalde, Mikel Vallejok eskuratu du.
Bi fasetan jokatu dute gaurko txapelketa. Lehen fasean, hamabi parte hartzaileak lau multzotan banatu dira, eta lau zezen atera dituzte. Talde bakoitzeko onena final handira sailkatuko da. Ondoren, final handian, errekortariak parez pare neurtu dira. Bakoitzak errekortea gutxienez behin egin du, eta horrez gain, libre izan dira nahi adina errekorte edo jauzi egiteko.
Azpeitia, "gustuko plaza"
Txapelketa amaitzean, Azpeitia gustuko plaza duela nabarmendu du Usek: "Azpeitiko zezen plazak xarma berezia du. Beti oso gogotsu etortzen naiz hona, baina aurkariak gogorrak izan dira gaurkoan; egunez egun zailagoa jartzen didate. Hala ere, beti jantzi ohi da gustura txapela. Jende asko etorri da gaurko saioa ikustera, afizio handia dago Azpeitian".