Aurtengo saninazioetako meza nagusia San Inazio egunean, uztailaren 31n, izango da Loiolan. San Inazioren konbertsioaren 500. urtemuga da aurten, eta horregatik, aldaketa batzuk egin dituzte jaietako egitarauan: Loiolako meza eta politikarien harrera hilaren 31n izango dira, eta abuztuaren 1ean, berriz, prozesioa eta parrokiako meza.
San Inazio eguneko mezaren aurretik, 11:30ean, udal ordezkariek harrera egingo diete Eusko Jaurlaritzako nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko kideei Loiolan bertan. Han izango dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Markel Olano ahaldun nagusia eta Nagore Alkorta Azpeitiko alkatea.
Inaziotar urteari bukaera emango dion meza nagusia 12:00etan hasiko da, eta Francisco Perez Donostiako gotzain administrariak eskainiko du, Arturo Sosa Jesuiten Lagundiko nagusia lagun duela. Elizkizunean Julian Barrenetxea abesbatzak, Azketa ahots taldeak nahiz Parrokiako abesbatzako lagunek abestuko dute, eta Itziar Urbieta izango da organista.
Prozesioa eta meza, hilaren 1ean
Izatez Loiolako meza eta erakundeetako ordezkarien harrera abuztuaren 1ean izan ohi da, baina aurten biak ala biak Loiolan egingo dituzte. Abuztuaren 1ean, berriz, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian izango da meza, 11:00etan, eta aurretik, 10:10ean udal ordezkariak korporazioan joango dira elizaren atarira. 10:30ean, berriz, prozesioa egingo dute Alde Zaharrean.
Elizkizuna Jesusen Lagundiko eta Azpeitiko apaizek eskainiko dute. Julian Barrenetxea abesbatzak, Azketa ahots taldeak nahiz Parrokiako abesbatzako lagunek abestuko dute parrokian, eta Ignacio Arakistain izango da organista.