Munategiko biribilgunea atontzeko hainbat elementu jarri ditu Azpeitiko Udalak eremu horretan. Batetik, metalezko zuhatza eta egurrezko hainbat ardi jarri dituzte, eta bestetik, Azpeitia irakur daitekeen kartel handi bat. Joan zen astean hasi ziren elementu horiek biribilgunean jartzen, eta pare bat egunetan bukatu dituzte lanok.
2020aren amaieratik dago martxan Munategiko biribilgunea. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2019an erabaki zuen Azpeitia eta Azkoitia artean, Basarteko bidegurutzean, biribilgunea egitea, eta hala, Excavaciones Peru enpresak egin zituen lanok. 499.112,56 euroko aurrekontua izan zuten biribilgunearen lanek.