Saninazioetan herrian izango diren kale saltzaileentzat aterpea egokitu du Azpeitiko Udalak, horiei festa egunetako egonaldia "errazteko" asmoz. 2019an egindako gisan, Perdillegi kaleko Karmelo Etxegarai Ikastolaren gimnasioan atondu dute lotarako lekua. Horrenbestez, uztailaren 30etik abuztuaren 2ra bitartean 24 orduz izango da irekita eremua, eta han egoteko, lotarako eta dutxatzeko lekua izango dute saltzaileek. Horiek txartel bat jasoko dute kalean lanean aritzeko eskaera egiten dutenean, eta txartel horrekin aterperako sarbidea izango dute; festa egunetan ere eskuratu ahalko dute txartela.