Bi urteren ostean, iristear dira saninazioak. Zer-nolako jaiak izango direla aurreikusten duzu?
Herritar guztientzako jaiak antolatzen saiatu gara; adin, gustu eta kolore guztietako herritarrentzat. Festa herrikoiak eta parte hartzaileak antolatzen, nolabait esateko. Herritarrek gozatzeko aukera anitza izan dezaten egin dugu ahalegina, eta kale giroa sustatzea izan da helburua. Horregatik, askotariko kultur ekitaldiak antolatu ditugu, herriko txoko desberdinetan. Gainera, nerabeentzako egitaraua prestatzen egin dugu ahalegina; izan ere, askotan haurrentzako eta helduentzako izaten dira ekintzak, baina nerabeentzako ez.
Egunotan ari zarete nerabeentzako hainbat ekintza egiten...
Bai. Udalekuak amaituta, jaietara bitartean izaten da denbora tartetxoa, eta aurten hainbat ekitaldi antolatu ditugu, hala nola ur parkea, paintball saioa eta abar. Saiatu gara gazteentzako eta nerabeentzako aisialdi ekintzak prestatzen.
Santioak pasatu berri dira. Zer balorazio egiten duzu jai horiez?
Oso ona. Aniztasunaren jaia oso-oso polita izan zen; Umeen Eguneko erraldoien konpartsak hemezortzi taldek parte hartu zuten, eta bero eginagatik, jendetza atera zen kalera; Santio egunean ere jendetza izan zen plazan sagardoa dastatzen eta pintxoak jaten... Haujijijairi ere zorionak eman beharrean nago, umeen bazkarian eta ondorengo jolasetan sortu zuten giroagatik. Aurreko asteburuko jaiegunetan izugarria izan da herritarren erantzuna; izan ere, antolatutako ekintza guztietan izan da jendea, asko gainera.
Saninazioak ate joka dira. Egitarauari begiratuta, zer nabarmenduko zenuke?
Ekitaldi asko eta askotarikoak daudela. Hiru egunetan ekintza ugari izango dira, hala nola kontzertuak, kaleko ikuskizunak, pilota partidak, zezenaren bueltako ekintzak, herri bazkaria eta beste. Gainera, aipatu nahi nuke aurten bakailao txapelketa izango dela berriro ere; izan ere, Haujijijai batzordea berriro egitera animatu genuen eta horretan lagundu dugu, herritarren gustukoa zela ikusten baikenuen. Beraz, zorionak, Haujijijairi.
Jaien atarian, zer mezu helaraziko zenieke herritarrei?
Festez gozatzeko, ikaragarri ondo pasatzeko eta pasatzen uzteko. Gozatzeko egunak dira, bi urteko etenaren ostean bueltan dira festak, eta beti ere errespetutik, jaietan murgiltzeko esan nahi nieke herritarrei. Bestalde, eskerrak eman nahi dizkiet festen antolakuntzan aritu diren norbanakoei, taldeei eta eragileei, baita festetan lanean ariko diren udal brigadako kideei eta brigada horren parte diren garbitzaileei zein Udaltzaingoari ere.
Zuk, berriz, nola biziko dituzu festak?
Hiru egunetan kalean ibiliko naiz etxekoekin, gertukoekin eta lagunekin. Ekitaldi hainbatetara joatea ere egokituko zait, eta gozatzen ere saiatuko naiz, festak baitira niretzat ere. Egia esan, saninazioek aurretiazko lan handia izaten dute, baina jaiegunetan ez da hain konplikatua izaten antolakuntza. Zentzu horretan gogorragoak dira santioak; unean-unean lan egitea eskatzen dute, antolakuntzari dagokionez eta.