San Inazio eguneko pilota jaialdirako sarrerak gelditzen dira oraindik

Andoni Elduaien 2022ko uzt. 29a, 09:00

Arruti Kirol batzordeburua, pilotariak eta Aldalur Ilunpeko kidea.

Unai Alberdi pilotari azpeitiarra min hartuta dago, eta haren ordez Zubizarreta III.ak jokatuko du. Jaialdirako sarrerak Internet bidez eskuratu daitezke aurrez, 20 eta 30 euro artean ordainduta. Dena den, partiden egunean ere erosi ahal izango dira Izarraitz pilotalekuko leihatilan.

Igandean, San Inazio egunean, pilota jaialdia izango da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, 22:30ean hasita. Profesional mailako bi pilota partida jokatuko dituzte han: lehen partidan, azpeitiarrak izango dira protagonista, eta bigarren partidan, lehen mailako pilotari ezagunenak.

Bigarren mailako partida hiru azpeitiarrek jokatu behar zuten hasiera batean: Jon eta Unai Alberdi anaia azpeitiarrek Iker Salaberria goizuetarraren eta Julen Egiguren azpeitiarraren aurka jokatu behar zuten norgehiagoka. Dena den, Alberdi anaietan gazteena min hartuta dago, eta Iraitz Zubizarretak Zubizarreta III.ak ordezkatuko du hura. Partida berezia jokatuko du laukoteak, bi bikoteek bost koadro eta erdian aritu beharko baitute.

Lehen mailako partidan, berriz, goi mailako pilotariak arituko dira nor baino nor gehiago; izan ere, aurten binakako txapelketako finala jokatu duten lau pilotarietatik hiru izango dira Izarraitz pilotalekuan: Jokin Altuna eta Julen Martija txapeldunak eta Unai Laso txapeldunordea –azken horrek aurtengo buruz buruko txapelketa irabazi du–. Lasok Jon Mariezkurrenarekin osatuko du bikotea Azpeitian.

Pilota jaialdirako sarrerak eskuragarri dira oraindik ere, eta horiek Internet bidez eskuratu nahi dituztenek Entradas Fronton webgunean izango dute horretarako aukera. Hala eta guztiz, partiden egunean Izarraitz pilotalekuko leihatilan ere salduko dituzte txartelak, 20 eta 30 euroren trukean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide