Berriz lehertzeko prest eta geratzeko heldu dira saninazioak Azpeitira

Anartz Izagirre 2022ko uzt. 30a, 14:03

Bi urte eta gero, hiru egun eta hiru gau erruz gozatzeko asmoz daude azpeitiarrak. 12:00etan bota dute txupinazoa plazan, eta kolore arrosaz zipriztindu dira herriko txokoak. Herri bazkaria izango da 15:00etan, eta arratsaldean ez da aspertzeko betarik izango, hainbat ekitaldi izango baitira herritarren gozamenerako.

Berriz lehertzeko prest dio Marea Arroxaren kamisetaren aurtengo leloak, eta herritarrek bete egin dute leloak esana. Bi urteko itxaronaldiaren ostean, eguraldi makurrak ez du zapuztu San Inazio bezperako eguerdia, eta 12:00ak baino lehen jende mordoxka bildu da plazan, kamiseta arrosak soinean, festei hasiera emateko. Oihu, algara eta txalo artean bota dute Atzegi elkartekoek txupinazoa, eta berehala igarri da jai giroa herriko kaleetan zehar. Txupinazoaren aurretik, gainera, une bereziak izan dira udaletxean. Izan ere, Atzegi elkarteko kide batek bertso bat irakurri du suziriaren aurretik, eta txalo zaparrada batekin erantzun dio herriak. Nagore Alkorta alkateak ere hitz batzuk esan ditu festa lehertu aurretik.

Txupinazoaren ostean, berriz, Udal Musika Bandaren kalejirarekin batera erraldoiek eta buruhandiek herriko kaleak gurutzatu dituzte, eta aurten sortu den Skapaye elektrotxarangak dantzan jarri ditu ehunka herritar. Tartean, Marea Arroxaren kantu mitikoa ere entzun ahal izan da, eta gogoz urratu dituzte eztarriak herritarrek eta Haujijijai batzordeko kideek. Horrez gain, udaletxean oroigarriak banatu dizkiete Atzegiko kideei, eta argazki erraldoi bat atera dute.

Eguerdiak aurrera egin ahala, herri bazkaria egingo dute herritarrek plazan, eta ondoren, txosnen irekiera eta jolasak izango dira. Gaurtik hasi eta asteartera bitartean ez du etenik izango jaiak, eta honakoa izango da datozen orduetako egitaraua:

Uztailak 30, zapatua: San Inazio bezpera

15:00. Herri bazkaria, plazan.

17:00. Txosnagunearen irekiera eta jolasak.

17:30. Nire bizitza, zure dibertsioaren truke? zezenketen kontrako elkarretaratzea, zezen plazaren aurrean, Oinatz elkarte animalistak deituta.

18:00. Kantu kolore emanaldia, Olazko Andre Mariaren plazan.

18:00-19:30. Bigantxak eta zezen txikiak (Arno) Done Jakue kalean.

18:30. Zezenketa. Sergio Serranok, Alvaro Lorenzok eta Alejandro Marcosek Ana Romero ganadutegiko zezenak toreatuko dituzte.

19:00. Meza eta bederatziurrena Loiolako basilikan. Julian Barrenetxea abesbatzak, Azketa ahots taldeak eta Parrokiako koruak abestuko dute, eta Itziar Urbieta izango da organista.

19:00. Los Incansables txaranga kalez kale.

19:00. Skapaie elektrotxarangaren kalejira.

20:00-01:00. Josu Rodriguez DJa, plazan.

22:00. Joselu Anaiak Olazko Andre Mariaren plazan.

22:00. Rude Ska taldearen kontzertua txosnagunean.

23:00. Su festa Pirotecnia Zaragozana etxearen eskutik, Izarraizko Atea parkean.

23:00. Bada Giro taldearen kontzertua txosnagunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide