Harrera beroarekin itzuli da Bakailao Txapelketa plazara

Julene Frantzesena 2022ko abu. 1a, 14:01

Ibai Sarasolak eta Joanes Amenabarrek irabazi dute txapelketaren XI. edizioa. Elkarteen saria, eta beraz koilarea, Oilo Soro soziedadeko Urko Arrietak eta Jurgi Urangak eskuratu dute. Orotara, hemeretzi bikotek parte hartu dute txapelketan, eta plazan herritar ugari elkartu dira lehia ikusteko.

Harrera bikainarekin itzuli da Bakailao Txapelketa plazara. Izan ere, hemeretzi bikotek parte hartu dute lehia horren XI. edizioan, eta plaza bete jende izan da horien sukaldeko abileziak ikusten. 12:00etan, bi minutuko tartearekin, hasi dira bikoteak bakailaoa pil-pil erara prestatzen. Minutuek aurrera egin ahala hasi da jendea plazara gerturatzen.

Haujijijai batzordeak antolatzen du txapelketa, eta batzorde horretako kideek hala erabakita, bost minutu gehiago izan dituzte aurtengo parte hartzaileek bakailaoa prestatzeko; izan ere, legezko minutuak igarota asko ziren lanak bukatzeko zituzten bikoteak. Horrenbestez, 45 minutu igarota hasi da Karlos Iriartek, Nahia Plazaolak eta Mari Jose Gorrotxategik osatutako epaimahaia herritarrek prestatutako platerak dastatzen.

Ez dute zalantza handirik izan horiek erabakia hartzerakoan, hala esan dute Haujijijaiko kideek: Ibai Sarasola eta Joanes Amenabar izan dira aurtengo txapelketaren irabazleak. Horiek lau lagunentzako afaria eta txapel bana jaso dute. Bigarren, berriz, Oihana Laskurain eta Xabier Bikendi sailkatu dira, eta hirugarren Aritz Aizpitarte, Oier Oiarzabal eta Ander Urbieta.

Bestalde, elkarteen saria Oilo Sorora eraman dute Urko Arrietak eta Jurgi Urangak; horiek elkarteen sariari dagokion koilara jaso dute, 2017tik Zulo Zabal soziedadean egon den koilara. Txapelketaren 11 edizioetan hainbat soziedadetako kideek parte hartu dute lehian, baina Oilo Sorora lehen aldiz gaur eraman dute koilara –Izarraitz Txokon, Zokoan, Zulo Zabalen, Ollagorran eta Zelai Luzen ere egona da–.

Azken txanpara iritsi dira aurtengo saninazioak, baina datozen orduetan ere izango dira jaietako ekitaldiak. Besteak beste, zezen txikiekin jolasak, zezenketa, Gora bihotzak ikuskizuna eta hainbat kontzertu izango dira, hala nola Oihan Vega DJaren emanaldia nahiz Puro Relajo, Asian Dub Fundation eta J. Martinaren kontzertuak.

Hona hemen datozen orduetarako egitaraua:

18:00. Zezen txikiekin jolasak (Zelai Luze ganadutegia), Done Jakue kalean, Zezen Beltzek antolatuta.

18:30. Zezenketa, zezen plazan. La Palmosilla ganadutegiko zezenak toreatuko dituzte Morante de la Pueblak, Daniel Luquek eta Carreterok.

18:30. Gora bihotzak ikuskizuna, Perez Arregi plazan.

19:00. Los Pasai txaranga kalez kale.

21:30. Ziakhus & Durum Solo Karne taldearen kontzertua txosnagunean.

22:00-01:00. Oihan Vega DJaren emanaldia, Perrz Arregi plazan.

22:00. Puro Relajo taldearen emanaldia, Olazko Andre Mariaren plazan.

22:00. Onki-xin taldearen kontzertua, plazan.

23:30. Asian Dub Foundation taldearen kontzertua, plazan.

01:00. J. Martina eta Maixa eta Malakias taldeen kontzertuak, txosnagunean.

06:00. Incansables txaranga, kalez kale.

07:00. Gaupaseroen argazkia, plazan.

Ondoren, zumba emanaldia.

07:30. Bigantxak (Marques de Saka ganadutegia), Done Jakue kalean.

08:30. Suziriekin bukatuko dira festak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide