San Inazio bigarrenak utzitakoak, bideoan

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2022ko abu. 1a, 20:15

Festen azken txanpan murgildu dira azpeitiarrak. San Inazio bigarrena ospatzen ari dira gaur, abuztuak 1, eta ez da ekitaldirik falta izan egunean zehar. Goizean, prozesioa eta bakailao txapelketa izan dira protagonistak. Arratsaldean, aldiz, San Inazio feriaren azken zezenketak sortu du ikusmina. Egunean zehar hartutako irudiekin eta adierazpenekin osatutako bideoa da honakoa.

Goizean, Udal ordezkariak korporazioan joan dira parrokiara, musika bandak eta txistulariek lagunduta, eta udalaren ordezkaritza batek zein musikariek parte hartu dute ondoren elizatik abiatu den prozesioan. San Inazioren eta Sortzez Garbiaren irudiak kalez kale ibili dituzte Alde Zaharrean mezaren aurretik, eta aurten emakumeek ere parte hartu dute prozesioko iruditeria eramaten. Prozesioa hasi den leku berean bukatu da, eta orduan hasi da eguneko meza nagusia;

Plazan bestelakoa izan da irudia. Haujijijaik antolatuta, 11. Bakailao Txapelketa ehgin dute, eta jende ugari bertaratu da plazara txapelketa ikustera. Aurten, 19 taldek parte hartu dute sariketan, eta giro ederrean prestatu dute bakailaoa. Parte-hartzaileek 45 minutu izan dituzte bakailaoa pil-pil erara prestatzeko.

Karlos Iriarte, Nahia Plazaola eta Mari Jose Gorrotxategi aritu dira epaile lanetan, eta haiek erabaki dute zein izan den bakailao onena prestatu duen taldea. Ibai Sarasola eta Joanes Amenabar izan dira aurtengo txapelketaren irabazleak, eta haiek jantzi dute txapela. Bigarren sailkatu dira Oihana Laskurain eta Xabier Bikendi eta hirugarren Aritz Aizpitarte, Oier Oiarzabal eta Ander Urbieta.

Elkarterik onenaren koilara, aldiz, Oilo Sorok eraman du, Urko Arrietak eta Iurgi Urangak eskuratu baitute 2017tik Zulo Zabal soziedadean egon den koilara erraldoia. Txapelketa amaitzean, parte-hartzaileek bazkaria egin dute Azoka Plazan.

Arratsaldean, zezenak izan dira protagonistak. Saninazioetako azken zezenketa egin dute gaur, eta jende ugari bertaratu da zezen plazara. Ikusmina sortu du gaurko hitzorduak, gaurko baitzegoen iragarrita zezenketarik ikusgarriena, Morante de la Puebla toreatzailearen parte-hartzea tarteko. Zaleek harrera beroa egin diote toreatzaileari zezen plazara iristean, baita Azpeitiko zezen plazan lehen aldiz aritu den Asier Etxaniz Kinttela banderilleroari ere.

La Palmosilla ganadutegiko zezenek eta Morante de La Puebla, Daniel Luque eta Diego Carretero toreatzaileek borobildu dute San Inazio feriako kartela.

Erlazionatuak

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide