Abuztua iristearekin, Burdinbidearen Euskal Museoko lurrun trenak Lasaora ohi baino joan-etorri gehiago egingo ditu. Izan ere, datozen asteetan, astegunetan ere izango dute herritarrek trenean ibiltzeko aukera. Hain zuzen, asteartetik ostiralera bitartean egunean bi irteera egingo dituzte, 12:00etan aurrena eta 17:30ean bigarrena.
Lurrun trenak ohiko ibilbidea egingo du egun horietan, museoaren eta Lasaoko geltokiaren artean. Hala eta guztiz, astegunetan ez ezik, zapatuetan eta igandeetan ere izango da trenean joan-etorria egiteko aukera: larunbatetan 12:00etan eta 17:30ean, eta igandeetan, 12:00etan.
Museoa bisitatzeko aukera ere izango dute hala nahi dutenek; asteartetik zapatura 10:30etik 14:00etara nahiz 16:00etatik 19:30era izango da zabalik, eta igandeetan nahiz jaiegunetan –astelehenetan izan ezik–, 10:30etik 14:00etara.