Haujijijai festa batzordeak eta Itaiak deituta, saninazioetan izandako ziztada kasuak salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Ziztadarik ez! Erasoen aurrean babesa antolatu lelopean. Azpeitiko plazan egin dute kontzentrazioa 19:00etan hasita, eta dozenaka herritar batu da deialdira; tartean, zenbait udal ordezkari.
Deitzaileek azpimarratu dute Azpeitikoa ez dela "kasu isolatu bat", eta salatu dute azken asteetan ziztadak jasan dituzten emakumeen kasuak nabarmen igo direla: "Azpeitian, gutxienez, bi ziztada kasu salatu dira. Zoritxarrez, ez da kasu isolatu bat: azken asteetan hedapen handia izan dute. Horren adibide izan dira, Baionan, Gasteizen, Bilbon, Villabonan edo Azpeitian salatutako gertakariak". Era berean, adierazi dute emakumeek jasaten dituzten erasoak areagotu egiten direla festen testuinguruan: "Emakumeok gure egunerokotasunean mota askotako erasoak jasan behar izaten ditugu, baina festa giroan erasoak areagotu eta are gehiago normalizatzen dira: jazarpenak, ukituak, bortxaketak... Halaber, azken asteetan, ziztada bidezko erasoak ari gara jasaten. Horrela, emakumeok, hurrengoak gu izan gaitezkeenaren beldurrez sozializazio espazio horietatik kanporatuak izaten ari gara". Era berean, erakundeen jarrera jarri dute jopuntuan, eta adierazi dute garrantzitsua dela emakumeek "tresna propioak garatzea": "Egoeraren larritasunaren aurrean instituzioek beste behin, egoerari aurre egiteko duten borondate erreal eta gaitasun eza agerian utzi dute. Horregatik, emakume langileok gure segurtasuna bermatzeko eta erasoen aurrean erantzun eraginkorrak gauzatzeko tresna propioak garatzea behar beharrezkoa dugu".
Gogoratu dute Itaiak eta Haujijijaik "arduraz" heldu nahi izan diela erasoen gaiari, eta norabide horretan aritu direla lanean indarkeria matxistaren aurkako asanbladan. "Indarkeria matxistaren aurkako asanbladatik, erasoei ahalik eta modu eraginkorrenean erantzuteko txosnaguneko protokoloa eratzen aritu gara azken hilabeteotan, horrelako erasoen aurrean erantzun ahal izateko", adierazi dute. Horrenbestez, "babesa antolatzeko deia" eginda amaitu dute elkarretaratzea: "Emakume langileon aurkako eraso ororen aurrean erantzun eraginkorrak hedatu eta emakumeok egoera horretatik askatzeko baldintzak sortu behar ditugu. Horretarako, antolakuntzaren beharrean berresten gara; harreman eredu biolentoak ahalbidetzen dituen sistema kapitalistarekin bukatzeko ezinbestekoa baita".
Uztailaren 31 goizaldean bi ziztada kasu salatu zituzten Azpeitian, eta festak bukatuta, badirudi ez dela beste salaketarik egon. Dena den, udalak jakinarazi zuen bi kasu horiez gain beste hiruzpalau ziztada egon ote ziren ikertzen ari dela Udaltzaingoa. Azpeitiko Udalak "gogor" salatu zuen gertatutakoa, eta eraso matxisten inguruko festetako protokoloa indartu zuen. Azpeitian herritar orok "libre, lasai eta seguru ibiltzeko duen eskubidea" aldarrikatu zuen erakundeak.