Oporrak tarteko, abuztuan herritar asko kanpora joango direla eta, Udaltzaingoak etxebizitzen zaintza indartuko duela azaldu du Azpeitiko Udalak. Izan ere, erakundearen arabera, uda sasoian jazo daitezkeen lapurreten aurrean, "beharrezkoa" izan ohi da etxebizitzen segurtasuna areagotzea.
Dena den, udalak hainbat jarraibide eman dizkie etxe jabeei. Batetik, atea giltzaz itxita uztea gomendatu du, eta bestetik, etxetik kanpo diren herritarrek gertuko norbaiti postontzitik posta jasotzeko eskatzea aholkatu. Aldian-aldian norbait etxera joatea ere gomendagarria dela azaldu du, pertsianak irekitzea eta atea berriro giltzaz ixtea. Zerbait arraroa sumatuz gero, Udatzaingoaren 092 telefono zenbakira deitzeko ere eskatu du udalak.