Alex Aizpuru 'Kaxe'-k Atletico Balear taldean jokatuko du datorren denboraldian

Julene Frantzesena 2022ko abu. 14a, 10:03

Alex Aizpuru 'Kaxe' partida batean. (Atletico Balear)

Aurrelari azpeitiarrak Ponferradina utzita hartu du Mallorcarako bidea, eta 2023ko ekainera arteko kontratua sinatu du talde horrekin. Zehazki, Lehen RFEF mailan ariko da Kaxe Atletico Balear taldearekin.

Alex Aizpuru Kaxe futbolariak Atletico Balear taldean jokatuko du datorren denboraldian. Aurrelari azpeitiarrak Ponferradina utzita hartu du Mallorcarako bidea, eta 2023ko ekainera arteko kontratua sinatu du talde horrekin. Zehazki, Lehen RFEF mailan ariko da Kaxe Atletico Balear taldearekin. Patrick Messow taldeko kirol zuzendariak azaldu duenez, aurrelari taldea osatuko du azpeitiarrak: "Bigarren Mailan esperientzia handia du, eta aurrelari konpletoa eta langilea da, orain arte genuen profilarekin alderatuta desberdina".

Azpeitiarra 2018ko abenduan, neguko merkatuan fitxatuta, iritsi zen Ponferradinara, taldea Espainiako Bigarren B Mailan zela. Bahraingo Erresumako East Riffa taldea utzita batu zen Leongo taldera, eta 2018-2019 denboraldian mailaz igo zen Ponferradina; Espainiako Bigarren Mailarako txartela lortu zuen. 2021-2022 denboraldian, berriz, Ponferradinak utzita Sabadellen aritu zen Kaxe; 33 partida jokatu eta zortzi gol sartu zituen. Izatez, 2023ra arte zuen Leongo taldearekin kontratua, baina hitzarmena etetea erdietsi dute taldeak eta jokalariak.

Hainbat taldetan aritu da azpeitiarra azken urteetan: 2017-2018 denboraldiaren erdia Espainiako Hirugarren Mailako Beasain futbol klubean egin ostean, eta han erakutsitako maila onari esker, Espainiako Bigarren B Mailako Rapido de Bouzas taldeak fitxatu zuen 2017ko abenduan. Vigoko (Galizia) taldearekin aritu zen Aizpuru denboraldia bukatu bitartean. 2018ko uztailean, berriz, Asiara egin zuen jauzi: Bahraingo Erresumako East Riffa taldearekin aritu zen hango Lehen Mailan, urte hartako abendura bitartean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide