Mikel Larrañaga hirugarren, Aizkolarien Urrezko Kopan

Maialen Etxaniz 2022ko abu. 16a, 10:00

Txikia IV eta Larrañaga atzo, Donostian jokatutako Aizkolarien Urrezko Kopan. (Ibon Errazu)

Atzo jokatu zen Aizkolarien Urrezko Kopa Donostiako Trinitate plazan, eta Txikia IV.a izan zen nagusi, Larrañagari eta Iker Vicenteri aise irabazita. Azpeitiko aizkolariak ezin izan zion eutsi iaz irabazitako Aizkolarien Urrezko Kopako txapeldunaren tituluari, eta hirugarren postua eskuratu zuen sailkapenean. 

Mikel Larrañagari ihes egin dio Aizkolarien Urrezko Kopak, eta Julen Alberdi Txikia IV da Aizkolarien Urrezko Kopako txapeldun berria. Azkoitiko aizkolariak nagusitasunez irabazi zuen atzo Donostiako Trinitate plazan jokatu zen Aizkolarien Urrezko Kopa, Mikel Larrañagaren eta Iker Vicenteren aurrean aise gailenduta. Atzokoan hamalau kanaerdiko ebaki behar izan zituzten kopa jokatzeko txartela eskuratuta zeukaten bost aizkolariek. Hain zuzen, nor baino nor aritu ziren Txikia IV.a, Mikel Larrañaga, Iker Vicente, Hodei Ezpeleta eta Aitzol Atutxa.

Txikia IV.ak 33 minutu eta lau segundo behar izan zituen lan guztiak amaitzeko, bigarren postua eskuratu zuen Iker Vicenteri 48 segundoko aldea aterata. Hirugarren sailkatu zen iazko txapelduna, Mikel Larrañaga, lanak 35 minutun eta 23 segundon amaituta. 

Uztailean jokatu zuten atzoko proban lehiatzeko sailkapen proba, eta orduko hartan Larrañaga izan zen nagusi: 14 minutu eta 25 segundo behar izan zituen ebaki beharreko zazpi kanaerdikoak mozteko.

Hona hemen sailkapena:  

1. Julen Alberdi 33:04

2. Iker Vicente 33:52

3. Mikel Larrañaga 35:23

4. Hodei Ezpeleta 39:05

5. Aitzol Atutxa 43:38

(Argazkiak: Ibon Errazu)

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide