Jon Guridi: "Utzita etor nintekeen, baina nahiago nuen Realarekin etetea"

'Berria' egunkaria 2022ko abu. 20a, 09:45

Jon Guridi Alavesen aurkezpenean. (Alaves)

Alavesen aurreneko denboraldia du Jon Guridik. Erronka "polita" dela uste du erdilari azpeitiarrak, nahiz eta aitortu duen hasieran "atzera eragiten" ziola Espainiako Bigarren Mailan jokatzeak. Berria egunkarirako elkarrizketa egin dio Iñaki Berasategi kazetariak Guridiri.

Ibaiako kirol instalazioetatik Gasteizko Zabalgana auzoko eraikinak ikusten dira. Auzo horretan bizi da orain Jon Guridi (Azpeitia, 1995), Alavesek fitxatu berri dituenetako bat. "Erraza" izan da hirira eta talde berrira egokitzeko prozesua. Realarekin azken bi denboraldietan gutxi jokatu eta gero, bere erabakiz kontratua eten, eta 2026ra arte sinatu du Arabako taldearekin.

Erraz eta ondo egokitu zara talde berrira?

Bai, taldean oso giro ona dago. Oso ondo hartu naute, taldekideek zein klubeko langile eta ordezkariek, eta oso gustura nago.

Aldaketa asko egon dira taldean. Horrek erraztu egin du egokitze prozesua?

Taldean jarraitzen zutenek ondo hartu gaituzte bai ni eta bai kanpotik etorri diren beste guztiak. Alde horretatik, denontzat erraza izan da.

Realarekin zenuen kontratua eten zenuen. Ez zenuen lehen taldean bidea egiten jarraitzeko aukerarik?

Neguan taldea uzteko asmoa izan nuen. Hedabideetan azaldu zen moduan, Valladolidek nahi ninduen, eta nik baiezkoa eman nien. Baina, azken orduan, Realak akordioari ezezkoa eman zion. Halere, banekien denboraldia hasi aurretik taldea utzi nahi banuen ateak irekita izango nituela. Nik banekien, normalean, denboraldi honetan ez nuela Realean jarraituko.

Ezezkoa emateko arrazoiren bat eman zizun klubak?

Ni kontuan hartzen nindutela. Merkatuaren azken egunetan gertatutako zerbait izan zen, Realak ez zuen inor gehiago fitxatu nahi, eta badaezpada ni hor edukitzea nahi zuten.

Gutxi jokatu zenuen, eta min hartuta ere izan zinen aurreko denboraldian. Urte gogorra izan zen?

Lesioa denboraldi hasieran izan nuen, bigarren neurketa astean, eta, azarorako jada jokatzeko prest nengoen arren, ez nuen asko jokatu. Urte gogorra? Bai, alde horretatik, batere jokatzen ez duzunean, egunerokoa apur bat gogorra egiten da, baina nik uste dut ondo barneratu nuela. Ahal nuen neurrian, gustura joaten nintzen entrenatzera. Goibel edo haserre joatea norberarentzat okerragoa da.

Elkarrizketa osoa Berria.eus-en irakur daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide