Irailaren 2an bukatuko da tailerren bat eman nahi dutenek proposamenak udalean aurkezteko epea

Nerea Uranga 2022ko abu. 25a, 08:00

2022-2022 ikasturterako ikastaroak edota tailerrak emateko proposamenak aurkezteko epea uztailean ireki zuen Azpeitiko Udalak. Interesa dutenek, udalaren eskaera orriarekin batera, ikastaroaren nondik-norakoak azaltzen dituen txosten bat aurkeztu beharko dute udaletxean.

2022-2023 ikasturtean Azpeitian ikastaroren bat eman nahi dutenek beren proposamenak aurkezteko epea zabaldu zuen udalak uztailaren hasieran. Proposamen horiek aurkezteko epea datorren astean, irailaren 2an bukatuko da. Egun horretarako udalaren eskaera orria beteta eta ikastaroaren nondik-norakoak azaltzen dituen txostena aurkeztu beharko dituzte eskatzaileek udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan. Aurreko ikasturtean ikastaroren bat eman zutenek, aldiz, ez dute txostenik aurkeztu beharko, baina eskaera orria bete eta udaletxean aurkeztu beharko dute.

Proposamena egiteko aurkeztu beharreko txostenean ikastaroaren helburuak, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa, nori zuzendua dagoen eta irakasleak gaia ezagutzen duela ziurtatzen duen dokumentazioa azaldu beharko da.

Proposamen denak jasotakoan, udalak proiektuak baloratuko ditu, eta batzorde teknikoak erabakiko du zein ikastaro onartu eta zein baztertu. Batzorde tekniko hori parekidetasun teknikariak, hezkuntza teknikariak eta Gizarte Zerbitzuko teknikari arduradunak osatuko dute. Deialdiaren inguruko informazio gehiago nahi dutenek 943-15 79 28 telefono zenbakira dei dezakete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide