Errepideen eta bideen mantenurako bi lehiaketa publiko atera ditu udalak

Nerea Uranga 2022ko abu. 26a, 10:30

Asfaltatze lanekin errepideetako segurtasuna bermatu nahi du udalak. (Argazkia: Azpeitiko Udala)

Bide segurtasuna bermatzeko helburuarekin, Azpeitiko Udalak 500.000 eurotik gora bideratuko ditu herriko errepideak eta bideak asfaltatzera eta konpontzera. Horretarako, bi lehiaketa publiko atera ditu argitara.

Udalak herriko bideak eta errepideen mantenurako 505.000 euro bideratuko ditu. Hainbat bide asfaltatu eta margotuko ditu, bide segurtasuna bermatzeko. Horretarako, bi lehiaketa publiko atera ditu, eta horietara proiektuak eta eskaintzak aurkezteko epea irailaren 5era bitartekoa izango da. Lehiaketa bat asfaltatze lanetarako izango da eta bestea pintaketarako.

Asfaltatze lanetan hamalau puntu asfaltatu eta konpondu nahi ditu udalak; besteak beste, bi baserri bide, Etxe Alai auzotik Abitainera bitartekoa eta Barrenetxetik eta Urruzona artekoa. Kasu horretan, lanen gehienezko aurrekontuua 302.124 eurokoa da.

Pintaketa lanetan, berriz, zortzi errepide zein gune margotzeko lanak aurreikusi dituzte. Tartean, pintatu beharrean dauden hainbat zebrabide berrituko dituzte. Lan horietarako 203.278 euro aurreikusi ditu erakundeak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide