Oier Etxeberria Bertsolari Gazteen Lizardi Sariko finalera sailkatu da

Nerea Uranga 2022ko abu. 27a, 16:28

Bertsolari Gazteen Lizardi Sariko bigarren kanporaketa saioan aritu ziren zortzi bertsolariak; Oier Etxeberria, zutik, eskuinetik aurrena. (Argazkia: Amaia Urbieta Arruti)

Zarauzko bertsolari txapelketako bigarren kanporaketan kantatu zuen atzo azpeitiarrak. Saio horretan egindako lanari esker ariko da finalean Etxeberria.

Bertsolari Gazteen Lizardi Sariko bigarren kanporaketa jokatu zuten atzo, ostirala, Zarautzen. Kanporaketa horretako emaitzekin, finalean ariko den bertsolarien seikoa erabakita gelditu zen. Oier Etxeberria bertsolari azpeitiarrak atzoko saioan kantatu zuen, eta finalerako txartela eskuratu zuen, 202 puntu eginda. Etxeberriarekin batera, Andoni Rekondo, Naia Arrizabalaga, Aitor Tatiegi, Irati Alcantarilla, Xabat Illarregi, Ane Beloki eta Libe Goenaga izan ziren atzo bertsotan aritu zirenak.

Bigarren kanporaketako sailkapena

  1. Andoni Rekondo: 225 puntu
  2. Oier Etxeberria: 202 puntu
  3. Aitor Tatiegi: 198 puntu
  4. Naia Arrizabalaga: 196.5 puntu
  5. Irati Alcantarilla: 196.5 puntu
  6. Xabat Illarregi: 188 puntu
  7. Ane Beloki: 186.5 puntu
  8. Libe Goenaga: 176 puntu

Lizardi bertsolari gazteen txapelketako aurreneko saioan Aner Peritz zarauztarra izan zen garaile, eta bigarrenean Andoni Rekondo hernaniarra.

Finala irailaren 2an

Datorren ostiralean, irailaren 2an, 22:00etan hasita, izango da sariketako finala Zarauzko Modelo aretoan. Sarrerak hiru euro balioko ditu. Finaleko saioan ariko diren bertsolariak dira: Oier Etxeberria, Andoni Rekondo, Aner Peritz, Gorka Pagonabarra, Naia Arrizabalaga eta Aitor Tatiegi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide