Lagun Onakek irabazi du Txerloian denboraldiaurreko derbia

Andoni Elduaien 2022ko ira. 1a, 09:18

Iker Arregi Lagun Onakeko jokalaria, atzo, Txerloian. (I. Soraluze/Anaitasuna)

1 eta 2 irabazi zuten atzo azpeitiarrek Txerloian. Anaitasunak markagailuan aurrea hartu bazuen ere, Lagun Onakek atsedenaldira iritsi aurretik irauli zuen markagailua.

Lagun Onaken gizonen lehen taldeak 1 eta 2 irabazi zuen atzo, asteazkena, Txerloian Azkoitiko Anaitasuna futbol taldearen aurka jokatutako lagunartekoa. Denboraldiaurreko seigarren lagunartekoa zuen Ander Avellaneda entrenatzailearen taldeak.

Anaitasunak partida hasi eta berehala hartu zuen aurrea. Hala eta guztiz ere, segituan iritsi zen Lagun Onaken berdinketaren gola, eta atsedenaldira iritsi baino lehen markagailua iraultzea lortu zuten azpeitiarrek. Bigarren zatian, lehen zatiaren antzera, pareko neurketa jokatu zuten, baina gola lortzeko abagune garbienak azpeitiarrenak izan ziren. Denboraldiaurreko neurketa izanagatik, jende asko hurbildu zen Txerloira, azkoitiarren eta azpeitiarren arteko lehiak beti izaten baitira erakargarri.

Hurrengo derbia Azpeitiko Garmendipe zelaian jokatuko dute, orduan ligako partida. Hain zuzen ere, abenduko lehen asteburuan jokatuko dute Garmendipen. Ligako bigarren itzuliko partida jokatuko dute, berriz, Txerloian, 2023ko apirileko lehen asteburuan.

Honako lotura honetan ikus daitezke atzo Anaitasunako arduradunek ateratako argazki guztiak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide