Datorren irailaren 7an, asteazkena, hasiko dute 2022-2023 ikasturtea Azpeitiko Arte eta Diseinu Ikastegian (ADI), eta dagoeneko zabalik dago datozen hilabeteetan eskainiko dituzten ikastaroetan izena emateko epea. Interesa dutenek hiru modu izango dituzte horretarako: ADI elkartera joanda (Jose Artetxe, 3); 943-81 28 08 edo 688 75 18 87 telefonoetara deituta edo artetadiseinu@gmail.com helbide elektronikora idatzita.
Alde batetik, marrazketa eta eskulan tailerra izango da eskolan, 4 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, eta astelehenetik ostegunera 17:15etik 18:30era izango dira saio horiek. Bestalde, pintura tailerra eskainiko du Mirian Quintana irakasleak, eta sormena lantzeko, ideiak zein proiektuak sortzeko, eta pintura nahiz marrazketa teknika ezberdinak ikasteko aukera izango dute ikasleek. Astelehenetik ostegunera izango dira klaseak; helduentzat, 15:30etik 20:00etara izango dira saioak, eta gaztetxoentzat, 18:30etik 20:00etara.
Bestetik, egur-taila ikastaroa izango da Mikel Sanjuanen eskutik. Ikasleek beren ideiak elkarbanatzeko abagunea izango dute, ondoren, diseinatzen eta marrazten ikasi eta egurrean lantzeko. Astelehenetik ostegunera izango dira saioak, 18:30etik 20:00etara.