Palan jokatu nahi duen ororentzat deialdia ireki du Ilunperen erreminta sailak

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 3a, 11:05

Oier Alkorta izango da pala saioen teknikaria. (Ihintza Elustondo)

Oier Alkortak gidatuko ditu 8 eta 16 urte artekoentzako saioak. Adin tarte horretatik gorakoek ere eman dezakete izena, palako edozein modalitatetan aritzeko aukera eskainiko du Ilunpek, eta neskentzat zein mutilentzat irekita dago deialdia. Urriaren 1a arte eman daiteke izena.

Azpeitian palan aritzea nahi duten adin orotako neskek zein mutilek aukera izango dute ikasturte honetan. Eskuzko pilotakoek egin antzera, Ilunpeko erreminta sailekoek deialdi irekia egin dute lehen aldiz, eta palako edozein modalitatetan jokatu nahi dutenak animatu nahi dituzte saioetara.

Oier Alkorta palista profesionalak egingo ditu teknikari lanak; afizionatu mailan hainbat urtez lehiatu eta txapelak pilatu ostean, joan den apirilean egin zuen profesionalekin debuta Alkortak, eta Debako Pala Txapelketa irabazi zuen joan den hilean, Necolekin bikotea osatuta.

Alkortak gidatuko ditu 8 eta 16 urte artekoen saioak, baina adin tarte horretatik gorakoek ere eman dezakete izena Ilunpek egin duen deialdian. Urriaren 1a arteko epea izango dute horretarako, eta bi bide erabil daitezke izena emateko: 688 65 09 98 telefono zenbakira deitzea edo ilunpees@gmail.com helbide elektronikora idaztea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide