Haizea Uranga eta Elene Viles, Realarekin txapeldun

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 5a, 09:09

Haizea Uranga eta Elene Viles, atzo Txerloian. (Mailo Oiarzabal)

Txuri-urdinek Euskal Herria Kopa irabazi zuten atzo Azkoitian, eta bi azpeitiarrek jokatzeko aukera izan zuten bigarren zatian. 4 eta 1 hartu zuen mendean Realak Alaves, eta Vilesek egin zuen laugarren gola.

Futboleko XII. Euskal Herria Koparen finala jokatu zuten atzo Azkoitiko Txerloian Realak eta Alavesek. Realak irabazi zuen, 4 eta 1, Euskal Herria Kirola elkarteak antolatzen duen txapelketa laugarrenez bereganatzeko.

Mirari Uriak, Realaren talde nagusian ari den jokalari azpeitiar bakarrak, ez zuen jokatu atzoko finala; Gaur zortzi 20 urtez azpikoen Munduko Txapelketa irabazi ondoren, oporretan da aurrelaria. Baina Realaren bigarren taldean jokatzen duten bi azpeitiarrek bai, finala jokatu eta garaikurra irabazi zuten. Elene Viles eta Haizea Uranga neurketaren azken zatian zelairatu ziren. Vilesek Jensen ordezkatu zuen 80. minutuan, eta gola egiteko beta izan zuen: berea izan zen Realaren laugarrena, 89.ean. Vilesek gola egin eta berehala sartu zen jokoan Uranga, Nerea Eizagirre kapitainaren ordez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide