Abuztuko etenaren ostean, Azpeitiko Pentsiodunen Plataformako kideen aldarriak plazara itzuli dira gaur. Hain zuzen, 12:00etan hasita egin dute uda osteko lehen elkarretaratzea herriko plazan. Ohi duten gisan, plataformako kideek "pentsio, zaintza eta osasungintza publiko eta duinak" aldarrikatu dituzte kontzentrazioan, baita "1.080 euroko gutxieneko pentsioa" ere.
Datozen aste eta hilabeteetan protestan jarraituko dute Azpeitiko Pentsiodunen Plataformako kideek, haien aldarriak herriratzeko nahiz aldarrikatzen dutena eskuratzeko helburuz. Hori dela eta, astelehenetako kontzentrazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte adin guztietako herritarrak. Hain zuzen, "jubilatuei nahiz etorkizunean pentsiodun eta jubilatu izango diren guztiei" egin diete bertaratzeko deia.