Datorren astelehenetik aurrera eman ahalko da izena Kirol Patronatuaren jardueretan

Anartz Izagirre 2022ko ira. 8a, 15:00

Adin guztietara egokitutako eskaintza osatu du Azpeitiko Kirol Patronatuak, eta dagoeneko kontsulta daitezke saio bakoitzaren xehetasunak. Ur jardueretan irailaren 12tik 16ra eman ahalko da izena, eta aretoko jardueretan, irailaren 12tik 19ra.

Azpeitiko Kirol Patronatuak zabaldu du 2022-2023 ikasturteko kirol jardueretan izena emateko epea. Ohi bezala, adin eta behar guztietara egokitutako eskaintza osatu dute, eta honako lotura honetan ikus daitezke ekintza guztien xehetasunak zein ordutegiak.

Helburu eta intentsitate desberdinetako ekintzak dira aurten egin ahal izango direnak, eta bost azpisailetan banatu dituzte horiek: Olatuen artean —ur jarduerak— Jolasean —haur eta gazteentzako ikastaroak—, Sasoian —gorputza aktibatzeko ekintzak—, Gogotsu —intentsitate altuko jarduerak— eta Orekan —gorputz orekatua lortzeko ekintzak—. Horien artean, askotariko ikastaroak izango dira herritarrentzako, hala nola igeriketa, zumba, pilates, total training, cycling, TRX eta kaleko korrika saioak.

Uretako jardueretan izena emateko aukera irailaren 12tik 16ra izango da, eta aretoko jardueretan, irailaren 12tik 19ra. Kirol Patronatuak iragarri duenez, eskainitako plaza kopurua baino eskaera gehiago dauden ikastaroetan zozketa egingo da izena ematen duten erabiltzaile guztien artean, eta kanpoan gelditzen direnekin itxaron zerrenda bat osatuko dute.

Interesdunek hainbat modu dituzte izena emateko: igerilekura joanda (Salbe auzunea, 13), 943-81 41 21 telefonora deituta edo igerilekua@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita. Honakoa izango da igerilekuko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 07:00etatik 21:30era; larunbatetan, 09:00etatik 20:00etara eta igandeetan zein jaiegunetan, 09:00etatik 14:00etara.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide