Lagun Onak, berdeguneetara bueltan

Andoni Elduaien 2022ko ira. 8a, 09:00

Manex Iradi, iazko denboraldiko partida batean.

Larunbatean ekingo dio ligari Lagun Onaken gizonen taldeak. 17:30ean hasita, Garmendipe futbol zelaian jokatuko dute Espainiako Hirugarren RFEF ligara igo berri den Errenteriako (Gipuzkoa) Touring taldearen aurka. Neurketa hasi baino lehen, 17:15ean, omenaldia egingo diote Iñaki Leundari, eta klubak zaleei eskatu die ordurako futbol zelaira joateko.

Bueltan da futbola, eta Espainiako Hirugarren RFEF ligan diharduen Lagun Onaken gizonen lehen taldea asteburuan itzuliko da berdeguneetara. Larunbatean, 17:30ean, Garmendipe futbol zelaian jokatuko dute gizonek denboraldiko lehen jardunaldiko partida; mailaz igo berri den Errenteriako (Gipuzkoa) Touring taldea izango dute aurkari.

Espainiako Hirugarren RFEF liga aurreko urtekoa baino gogorragoa izango da; izan ere, iaz hogei talde baziren, aurten hamasei taldera murriztu dute liga, eta beraz, zortzi partida gutxiago izango dituzte azpeitiarrek beraien helburuak betetzeko. Aurreko denboraldian, hamaikagarrena izan zen Lagun Onak, eta postu hori hobetzeko asmoz ekingo diote gizonek sasoi berriari.  

Ander Avellaneda entrenatzaileak eta Iñigo Saizar laguntzaileak azken denboraldiko jokalari gehienak izango dituzte beraien aginduetara. Hamabi jokalarik jarraitzen dute iaztik, eta izan dituzten sei bajei –Oinatz Elustondo, Ignacio Otaño, Aitor Diez, Sergio Barquero, Ekhi Gonzalez eta Aratz Garmendia– bost fitxaketa eginda erantzun diete. Ander Bengoetxea aurrelaria, Iñigo Sukia atzelaria, Xabi Alonso, Julen Guillo erasoko jokalaria eta Markel Areitio atezaina fitxatu dituzte. Aldiz, Iker Hidalgo lehen taldera igaro da, nahiz eta azken hori, lesio bat tarteko, baja izango den aste batzuetarako. Entrenatzaile taldean aldaketa bakarra egin du taldeak; prestatzaile fisikoaren ardura Endika Huizik izango du aurrerantzean. 

Omenaldia eta bazkide txartelak

Lagun Onakek neurketa hori baliatuko du zendu berri den Iñaki Leundari omenaldia egiteko. Norgehiagoka hasi baino ordu laurden lehenago, 17:15ean, egingo diote omenaldia, eta klubak jarraitzaileei eskatu die ordurako zelaira joateko.

Era berean, Lagun Onakek jakinarazi du larunbatean Garmendipeko leihatila irekita egongo dela bazkideek denboraldi berriko bazkide txartela jaso dezaten. Hori horrela, larunbatean, 11:00etatik 12:00etara eta 16:30etik partida hasi bitartean jaso ahalko dute jarraitzaileek bazkide txartela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide