Azpeitiko Udalaren aitortza jaso du Mirari Uria futbolariak

Ane Olaizola 2022ko ira. 8a, 08:30

Arruti, Alkorta, Uria eta Arrizabalaga. (Azpeitiko Udala)

Realeko jokalariak 19 eta 20 urtez azpikoen Europako eta Munduko txapelketak irabazi ditu Espainiako selekzioarekin, eta hura zoriontzeko harrera egin zioten udal ordezkariak. Azpeitiarra "pozik" agertu da egiten ari den ibilbidearekin.

19 eta 20 urtez azpikoen Europako eta Munduko txapelketak irabazi ditu Mirari Uria futbolari azpeitiarrak udan Espainiako selekzioarekin, eta bi dominak eskuetan zituela, Azpeitiko Udalak harrera egin zion atzo, asteazkena, Realeko futbol jokalariari. Nagore Alkorta alkatea, Egoitz Arruti Kirol zinegotzia eta Idoia Arrizabalaga Berdintasun zinegotzia udaletxean elkartu ziren Uria zoriontzeko, eta jokalaria "pozik" agertu zen egiten ari den ibilbidearekin eta lortutako emaitzekin: "Duela urtebete hau guztia gertatuko zela esan balidate, ez nukeen sinetsiko", esan zuen hark. Alkateak, bere aldetik, Uriak egindako lana goraipatu zuen: "Lortutako guztia izugarria da, eta zorionak ematen dizkizugu egiten ari zaren ibilbide guztiagatik. Kirola eta futbola gustuko duten haur eta gazte neska askorentzat eredu zara. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkizugu eta lanean jarraitzera animatu nahi zaitugu".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide