Gazte Kirol Programaren xehetasunak azaltzeko bilera egingo dute irailaren 20an

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 9a, 09:00

DBHko ikasleei ariketa fisikoa egiteko zerbitzua eskaintzea da programaren helburua. 12 eta 16 urte bitarteko gazteek astean saio bat egingo dute, kirol ezberdinak probatzeko. Egitasmoaren nondik norakoak azaltzeko, bilera egingo dute irailaren 20an, 19:00etan, kiroldegian.

Azpeitiko Udalaren Kirol Sailak iaz jarri zuen martxan Gazte Kirol Programa, DBHko ikasleei ariketa fisikoa egiteko zerbitzua eskaintzeko helburuarekin. Izan ere, Lehen Hezkuntzarekin batera bukatzen da Eskola Kirolean aritzeko aukera, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako gazteek ere kirola praktikatzeko aukera izan dezaten abiatu zuten proiektua. Zehazki, herriko kirol baliabideak zein diren eta herrian kirola egiteko zer aukera dituzten erakutsi nahi zaie DBHko ikasleei. Are gehiago, gazte horiek herriko edozein esparrutan beren kasa ariketa fisikoa modu osasuntsuan egin dezaten hezi nahi dituzte.

Iazko esperientziaren ondoren, aurtegoan ere programarekin jarraitzea nahi dute, eta horretarako, zabaldu dute dagoeneko izen ematea. Aurtengoan, federatutako kirol eskaintzaz gain, jarduera fisiko eta kirol ekintza ezberdinak probatzeko aukera emango zaie 12 eta 16 urte bitarteko neska-mutilei, beren aisialdia modu aktiboan eta lagunartean garatu ahal izateko. Astean saio bat egingo dute, 19:00etatik 20:30era; bilkura horietan, herriko kirol instalazioetan askotariko ekintzak gauzatuko dituzte: paddle, boleibol, judo, karate... Hileko kuota hamabost eurokoa izango da.

Programaren inguruko xehetasunak azaltzeko, ekintza programa zehazteko eta zalantzak argitzeko, bilera egingo dute irailaren 20an, asteartea, 19:00etan hasita, kiroldegian. Saioan, programaren nondik norakoak azaltzeaz gain, ekintza programa zehaztuko dute; era berean, izena emateko aukera izango da han. Egun horretan bertaratu ezin dutenek bide hauen bidez eskura dezakete informazioa eta egin dezakete izen ematea: 943-81 30 69 telefonora deituta, azpeitigazteKP@gmail.com helbidera idatzita edo @gaztekirol Instagram kontuarekin harremanetan jarrita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide