Iraurgi Berritzen garapen agentziak eskuartean du Hazilan programaren edizio berria, eta dagoeneko ireki du bertan inskribatzeko epea. Urtero-urtero 20 eta 44 urte bitarteko hamabost herritar laneratzea da programa horren xede nagusia, "metodologia berritzaile" baten bitartez, "ibilbide pertsonalizatu batean" oinarrituta. Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena, Hazilanen webgunean nahiz 688 87 35 89 (Sandra) telefono zenbakira deituta.
Garapen agentziako kideek nabarmendu dutenez, partaideen ezaugarri pertsonaletara eta enpresek eskatutako proiektu profesionaletara egokitzen dute programa. Lehen fasean, "pertsonen aktibazioa" bilatzen dute, eta jarraian, proiektuen arabera, ikasketa espezializatuak nahiz praktikak egiten dituzte partaideek edo enpresetako proiektuetan parte-hartzen dute, betiere, "genero berdintasuna bermatuta".