Piaspe proiektu eolikoa

Statkraft enpresak Azpeitian zentral eoliko bat egiteko asmoa duela jakinarazi dio Jaurlaritzari

Ane Olaizola 2022ko ira. 13a, 16:05

Enpresaren ordezkariak, IƱigo Urkullu lehendakariarekin. (Eusko Jaurlaritza)

Enpresako ordezkariak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakariarekin eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuarekin elkartu dira gaur. Norvegiako enpresak azaldu du Gipuzkoan bi parke eoliko gauzatu nahi dituela 2027rako; horietako bat Azpeitia, Errezil eta Zestoa artean. Statkraften asmoen "jakitun" da udala, Nagore Alkortaren esanetan. "Udaletan proiektuaren inguruko eskaera ofizialki aurkezten dutenean aktibatuko dugu dagokion prozedura administratiboa, eta herritarrei gardentasunez azalduko dizkiegu horren inguruko urratsak", gaineratu du Azpeitiko alkateak.

Statkraft enpresa hidroelektrikoak Gipuzkoan bi zentral eoliko jartzeko asmoa duela jakinarazi die gaur, asteartea, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzaren lehendakariari eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuari. Horietako bat Urola Erdian gauzatu nahi du Norvegiako nazioarteko enpresak; Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan, hain zuzen ere. Bestea Eskoriatza (Gipuzkoa) eta Aramaio (Araba) artean egiteko asmoa du.

Statkrafteko ordezkariek azaldu diote Gipuzkoan eraiki nahi duen parke eoliko banatan 90 milioi euro inbertitzeko asmoa duela, eta bere helburua dela biak 2027rako indarrean egotea. Azpeitiari, Zestoari eta Errezili eragingo liokeen parke eolikoari Piaspe izena jarri diote, eta ordezkariek azaldu dutenez, guztira 33 MW-eko potentzia izango luke. Era berean, 24.000 etxebizitza hornitzeko ahalmena izango luke. Eskoriatza eta Aramaio artean gauzatu nahi duten zentral eolikoa –Itsaraz–, berriz, handiagoa litzateke: izan ere, 52,8 MW-eko potentzia izango luke, eta 44.000 etxebizitza baino gehiago hornituko lituzke.

Enpresako ordezkariek proiektuaren nondik norakoak azaldu dizkiete gaur Lehendakaritzan Urkulluri zein Tapiari, eta horien arabera, honako hiru oinarri hauek ardatz izanda gauzatu nahi dute plana: energiaren sozializazioa, euskal industriarako kilometro zerodun hornidura elektrikoa eta publiko-pribatuaren artean lankidetza.

Udala, "jakitun"

Enpresak ohar bidez adierazi duenez, konpainiak dagoeneko eman die proiektuaren berri udal batzuei, tartean, Azpeitikoari.

Gaiaz galdetuta, udalak enpresarekin "lehen hartu-emana izan" duela eta Statkraften asmoen "jakitun" dela baieztatu du Nagore Alkorta alkateak. "Udaletan proiektuaren inguruko eskaera ofizialki aurkezten dutenean aktibatuko dugu dagokion prozedura administratiboa, eta herritarrei gardentasunez azalduko dizkiegu horren inguruko urratsak", gaineratu du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide