Piaspe proiektu eolikoa

Zentral eolikoen aurkako batzar irekia deitu du herritar talde batek irailaren 21erako

Anartz Izagirre 2022ko ira. 14a, 10:23

Statkraft enpresak Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan jarri nahi duen zentral eolikoaren harira, batzar irekia deitu dute hainbat herritarrek. Irailaren 21ean, asteazkena, izango da juntadizoa, 21:00etan, Sindikatu Zaharrean.

Gipuzkoan bi zentral eoliko jartzeko asmoa duela jakinarazi zion Statkraft enpresak atzo, asteartea, Eusko Jaurlaritzari. Horietako bat Azpeitiko, Errezilgo eta Zestoako lurretan ezarri nahi dute, eta segituan heldu ziren lehen erreakzioak; Nagore Alkorta alkateak nabarmendu zuen udalak enpresarekin "lehen hartu-emana izan" duela eta Statkraften asmoen "jakitun" dela. "Udaletan proiektuaren inguruko eskaera ofizialki aurkezten dutenean aktibatuko dugu dagokion prozedura administratiboa, eta herritarrei gardentasunez azalduko dizkiegu horren inguruko urratsak", gaineratu zuen.

Norvegiako enpresaren asmoen aurrean, herritar talde batek batzar irekia deitu du Zentral eolikorik ez! lelopean. Datorren irailaren 21ean, asteazkena, izango da batzarra, 21:00etan, Sindikatu Zaharrean. Gaian interesa duen herritar orok izango du juntadizora joateko aukera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide