Azpeititik autobusa izango da Jakan egingo duten Duchenneren aurkako lasterketa herrikoira joateko

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 15a, 08:30

Duchenne gaitzaz kontzientziatzeko elkarretaratzea egin zuten irailaren 7an plazan.

Irailaren 24an lasterketa herrikoia egingo dute Jakan (Espainia), Duchenne Parent Project elkartearentzako dirua biltzeko. Autobusa antolatu dute Azpeititik.

Duchenneren giharretako distrofia gaitzaren aurkako borroka sustatzeko, lasterketa herrikoia egingo dute irailaren 24an –larunbata– Jakan (Espainia). Ekintzan parte hartzen dutenek bost kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, oinez edo lasterka. Lasterketaz gain, animazioa, musika, bazkari herrikoia, zozketak... izango dira. Espainiako Duchenne Parent Project elkartearentzako izango da egitasmoan bildutako dirua. Duchenne Parent Project irabazi asmorik gabeko elkartea da, Duchenne eta Becker gaitzak dituzten gurasoek sortua. 

Azpeitian bada Duchenneren giharretako distrofia duen herritar bat –Iren–, eta haren senitartekoek bertara joateko deia egin dute. Azpeititik autobusa antolatu dute; 07:00etan abiatuko da, anbulatorioaren aurretik. Interesatuek 679 54 42 53 whatsapp zenbakira idatzi behar dute, eta hogei euro ordaindu beharko dute zerbitzua.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide