Euskararen erabilera

Hizkuntzen kale erabileraren neurketaren emaitzak aurkeztuko dituzte hilaren 20an

Mailo Oiarzabal 2022ko ira. 16a, 09:00

Herritarrak Erdikalean, joan den uztailean. (Ihintza Elustondo)

Basazabal jauregian aurkeztuko ditu Azpeitiko datuak Soziolinguistika Klusterrak, ekitaldi irekia izango da eta 18:30ean hasiko da.

2021ean Euskal Herriko hainbat herritan egindako hizkuntzen kale erabileraren neurketaren emaitza orokorrak joan den ekainean aurkeztu zituen Soziolingustika Klusterrak. Herriz herriko emaitzen berri ez zuten eman orduko hortan, baina Azpeitian datorren astean zabalduko dituzte herrian egindako kale neurketa horren emaitzak.

Asteartean, irailaren 20an, udalak antolatutako jendaurreko ekitaldi irekian aurkeztuko ditu datuok Soziolinguistika Klusterrak Basazabal jauregian. 18:30ean. 2016an egin zuten hizkuntzen kale erabileraren aurreko neurketa herrian; duela sei urteko hartan, kalean herritarren %81,9k euskaraz egiten zuela izan zen neurketaren emaitza.

Datorren astearteko datuen aurkezpena euskararen plan estrategikoa osatzeko parte hartze prozesuaren talde dinamiken atarian egingo dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide