Lagun Onaken emakumeen talde nagusiak igandean hasiko du denboraldia

Ihintza Elustondo 2022ko ira. 16a, 10:46

Emakumeen taldearen entrenamendu saio bat.

Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak igandean jokatuko du 2022-2023 sasoiko lehen neurketa, Touringen aurka, 17:00etan, etxean. Neurketan gogoan izango dute zendu berri den Iñaki Leunda.

Lagun Onak futbol klubeko gizonen talde nagusiak joan zen astean hasi zuen denboraldia, eta orain emakumeen txanda da: Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak igandean jokatuko du 2022-2023 sasoiko lehen neurketa. Errenteriako Touring taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak Azpeitikoek, 17:00etan, Garmendipeko zelai artifizialean. Partidaren hasieran, gogoan izango dute duela gutxi zendu den Iñaki Leunda; Lagun Onak futbol klubeko zuzendaritzako kide zen hura.

Emakumeen talde nagusia iazko maila berean arituko da aurtengo sasoian, baina zenbait aldaketa izango dute taldean. Hain zuzen ere, azken sasoian Emakumeen Nazional Mailan, Oiartzunen, aritu diren bi jokalari ariko dira Lagun Onaken: Joane Korta azpeitiarra eta Ane Mantxola zestoarra. Beraz, bi fitxaketa nagusi horiekin ekingo dio denboraldiari Lagun Onakek, Unai Urbizu entrenatzailearen aginduetara.

Aurtengoan, gainera, emakumeen bi talde izango ditu Lagun Onakek, aspaldiko urteetan ez bezala. Berri pozgarria da hori klubarentzat; izan ere, badira hamabost bat urte Lagun Onakek nesken talde bakarra duela. Erregional Gorengo Mailan ariko da emakumeen bigarren taldea. Irailaren 25ean ekingo dio denboraldiari talde horrek, Hernaniren aurka, etxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide